Hondakinak

Gipuzkoako Diputazioa oposizioarekin batzartuko da, hondakinen gaineko "zirku mediatikoa" baztertzeko

Oposizioko talde guztiekin harremanetan jarri da aldundia; EAJ, PSE-EE eta PP bilera bat egiteko prest azaldu dira.

jon olano
2012ko ekainaren 22a
18:07
Entzun

Gipuzkoako Foru Aldundiak alde biko bilera bana egingo du oposizioko talde guztiekin, hondakinen kudeaketari buruzko eztabaida edukien gainekoa izan dadin eta "zirku mediatikoa" alde batera utz dezaten. Afera gainditzeko behar den  gauza bakarra borondate politikoa dela adierazi du Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak, eta erantsi du bere gobernuak borondate hori duela. "Gehiengo ezberdinak ados jartzeko garaia da", esan du.

Agerraldi bat egin dute gaur goizean Garitanok eta Gipuzkoako Ingurumen diputatu Juan Carlos Alduntzinek, bilera sortaren berri emateko. Jakinarazi dutenez, aldundia gaur bertan jarri da harremanetan EAJrekin, PSE-EErekin eta PPrekin, eta dagoeneko baiezkoa eman dute hirurek. Alduntzinek eta Garitanok ukatu egin dute bilera sorta "mugimendu taktiko" bat denik oposizioak Alduntzinen aurkako zentsura mozioan atzera egin dezan; hondakinen kudeaketari buruzko gatazka gainditzea "erraztu" nahi du aldundiak, Garitanoren esanetan. Hala ere, Bilduren aurkako fronte bat osatzea egotzi die Garitanok EAJri, PSE-EEri eta PPri: "Hau ez dago ulertzerik. Inozoenak ere badaki hemen zerbait gehiago dagoela".

Hondakinen kudeaketa planaren garapenaz eztabaidatzera deitu dute oposizioa Alduntzinek eta Garitanok. Aldundiak aurkeztutako plana molda daitekeela adierazi dute, eta, areago, negoziazioetan "edozer" alda daitekeela. Halaber, Alduntzinen lana txalotu du Garitanok, diputazioak agindutako lana "leialtasunez eta eraginkortasunez" bete duelako.

Bestalde, Zabalgarbira beste toki batzuetako hondakinak eramatearen alde egin zuen atzo PPk Bizkaiko Batzar Nagusietan, eta horretaz ere jardun du Alduntzinek. "Adierazgarria" iruditu zaio Zabalgarbik kanpoko zaborren beharra izatea, eta gogorarazi du errauste planta horretako bigarren lerroa zabaltzeari uko egin ziola Bizkaiak duela lau hilabete, nahikoa zabor ez zegoela eta. Bizkaiak Gipuzkoak baino biztanle gehiago dituela ohartarazi du, eta, beraz, Zubietan errauste planta bat eginez gero "gerta zitekeenaren adibide garbia" da Zabalgarbi, Alduntzinen ustez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.