Gipuzkoako Diputazioko langileak: «Baso suteak itzaltzeko sistema operatiboa erreta dago»

Azaldu dutenez, Espainian eta Galizian izan diren suteak itzaltzeko lanetan lagundu nahi izan dute, baina ezezkoa eman diete aldundiko buruek, tankerako egoeretan lan egiteko «prestatuta» ez daudela argudiatuta.

Hernio mendia belztuta, otsailean izandako sutearen ondorioz. GORKA RUBIO / FOKU
Hernio mendia belztuta, otsailean izandako sutearen ondorioz. GORKA RUBIO / FOKU
Arantxa Iraola - Edurne Begiristain
2025eko irailaren 3a
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ohar bat atera du Gipuzkoako Diputazioko langile batzordeak, eta bertan salatu du erakundea «utzikeriaz» jokatzen ari dela arloan lanean ari diren profesionalekin. Azaldu dutenez, Espainian eta Galizian asteotan izan diren suteak itzaltzeko lanetan lagundu nahi izan dute, baina aldundiko buruek ez diete utzi, tankerako egoeretan lan egiteko «prestatuta» ez daudela argudiatuta. Erantzun horrek sarri mahai gainean jarritako ezinegon bat berresteko balio duela uste dute basozainek. «Agerian uzten du langile batzordeak urteetan salatu duena; hau da, baliabide pertsonal eta material gehiago behar direla». Eta galdera bat ere sorrarazi die: «Zer gertatuko da Gipuzkoan antzeko sute bat gertatzen bada, eta baso suteen zuzendaritzak aitortzen badu ez dagoela suteei aurre egiteko prestatuta?». 

LAB, ELA eta CCOO sindikatuek batera ondu dute oharra, eta egoera larria dela esan dute. «Gipuzkoako baso suteak itzaltzeko sistema operatiboa erreta dago. Urteetan ez da garatu, ezta egungo egoerara moldatu ere. Baliabide pertsonal gehiago behar dira, basozain gehiago». Izan ere, aurreikuspenen arabera suteak gero eta larriagoak izango direla gogoratu dute. «Larrialdi klimatikoak eta nekazaritza eta landa inguruneko bizimoduaren bilakaerak intentsitate handiko suteak garatzeko arriskua areagotu dute».

Arrisku hori bertan-bertan dago: «Gipuzkoan ere gerta daitezke halakoak. Ez dago arrisku horretatik kanpo, eta horiei erantzuteko prest egon behar dugu».

Ezohiko taldeak

Oharrean azaldu dute inguruan sute larriak pizten direnean suteak itzaltzeko operatiboek «ezohiko taldeak» sortu ohi dituztela; «elkartasunez» eratzen dira halakoak, laguntza beharrean diren taldeei laguntza emateko. Basozainek salatu dute, ordea, iragan asteotan Espainiako eta Galiziako hainbat lekutan egoera aski larriak izan dituzten arren Gipuzkoako Foru Aldundiak ez duela inolako urratsik egin laguntzeko. «Mendietako Zerbitzuko arduradun politikoek ez dute jo zerbitzuko teknikari edo basozainengana laguntza eta elkartasun hori eskatzeko. Ez dituzte ezertarako kontuan hartu», salatu dute.

Kritikatu egin dute, halaber, aldundiak izandako jarrera laguntza emateko «prestutasuna» azaldu duten profesionalekin. Uste dute beren profesionaltasuna eta borondate ona «mespretxatu» eta «bazterrean utzi» zituztela. 

Gipuzkoako Aldundiaren erantzuna

Gipuzkoako Foru Aldundiak basozainen kritikei erantzun die ohar batean. Batetik, esan du Espainian izan diren suteei aurre egiteko baliabide teknikoak Espainiako Gobernuaren esku jarri dituela eta, besteak beste, helikopteroa, baliabide materialak eta suhiltzaileak bidali dituela horretarako.

Bestetik, aldundiak gogoratu du egungo beharrei erantzuteko saila berrantolatzen ari dela, eta horren berri badutela basozainek. Hala ere, onartu egin du sail horretako giza baliabideak eta baliabide materialak ez direla aski. Efizientzia eta koordinazioa hobetu aldera zerbitzu bakoitzean bi atalburu sortu dituen arren —basanimaliei eta mendien kudeaketari dagozkionak—, baliabide tekniko gehiago behar dira, haren esanetan. Nolanahi ere, horretarako ezinbestekotzat jo du berrantolaketa «modu ordenatuan» egitea.

Suari aurre egitea basozainen lana ez ezik ikerketan eta bestelako lanetan aritzen diren aldundiko teknikarien erantzukizuna ere badela nabarmendu du diputazioak. «Hau lantalde bat da, eta hemen ere giza baliabideen beharra dago».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.