Gipuzkoako erizainek gidatutako ikerketa batek lehen aldiz definitu du genero ikuspegiko erizaintza praktika

Ikertzaileen arabera, genero ikuspegia txertatzeak «zaintzen kalitatea eta segurtasuna hobetzen laguntzen du, arreta pertsonalizatua sustatzen du, eta osasun desberdintasunak murrizten lagundu».

Erizain bat eta laguntzaile bat paziente bat artatzen, artxiboko irudi batean. BERRIA
Erizain bat eta laguntzaile bat paziente bat artatzen, artxiboko irudi batean. BERRIA
2026ko uztailaren 29a
11:33
Entzun 00:00:00 00:00:00

Orain arte ez da definiziorik adostu genero ikuspegiko erizaintza praktikak zer esan nahi duen azaltzeko, eta ez da tresnarik egon praktika klinikoan haren aplikazioa ebaluatzeko. Abiapuntu horretatik, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko ikerketa talde batek lehen aldiz definitu du kontzeptu hori erizaintzaren arloan: Ainitze Labaka, Maria Isabel Trespaderne, Agurtzane Mujika eta Naia Hernantes gipuzkoar erizainek.

Izan ere, ikerketan azaldu duten moduan, genero ikuspegia duen erizaintzak «arreta pertsonalizatuagoa» dakar: «Ebidentzia zientifikoan oinarrituta eta alborapenik gabe, sexuak eta generoak osasun beharretan, gaixotasunaren bizipenean eta osasun sistemarekiko harremanetan duten eragina kontuan hartuta». Horretarako, ikertzaileen lanak praktika hori ezaugarritzen duten lau elementu identifikatu ditu: generoak osasunean eta gaixotasunean duen eragina ulertzea; paziente bakoitzaren esperientzia eta beharrak balioztatzea; ikuspegi hori zerbitzuen antolaketan, lidergoan eta kudeaketan txertatzea; eta erizaintzako prozesuaren fase guztietan modu sistematikoan integratzea.

Ikuspegi hori txertatzeko oztopo nagusiak ere identifikatu dituzte: berariazko prestakuntzarik eza, genero ikuspegia sustatzeko antolakuntza politiken gabezia, eta arretan aldaketak egitea zailtzen duten egitura profesionalak. Aldiz, identifikatu dituzten indarguneak hauexek dira: erizainen lidergoa, erakundeen ekitatearekiko konpromisoa eta genero ikuspegiaren benetako aplikazioa praktika klinikoan ebaluatzeko tresnen garapena. 

Ikertzaileen arabera, genero ikuspegia txertatzeak «zaintzen kalitatea eta segurtasuna hobetzen laguntzen du, arreta pertsonalizatua sustatzen du, eta osasun desberdintasunak murrizten lagundu». Gainera, nabarmendu dute genero ikuspegia duen erizaintza ez dagoela «soilik profesional bakoitzaren sentsibilitate indibidualaren mende»; eraginkortasunez garatu ahal izateko, ezinbestekotzat jo dituzte «osasun erakundeen konpromisoa, graduko ikasketetan eta etengabeko prestakuntzan berariazko prestakuntza txertatzea, eta arreta bidezkoa sustatuko duen osasun sistema bat».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA