Gipuzkoako Foru Aldundiak «berraztertu» egingo ditu aurreko aldundiak bide azpiegituretarako aurreikusi zituen 25 proiektu, horiek eraikitzeak sortzen duten gastua «bideraezina» dela iritzita. 2012. urterako aurrekontu zirriborroa amaitzekotan da Gipuzkoako Aldundia, eta hura amaitzean zehaztuko du zein proiektu abiatuko diren 2012an. Dena den, jakinarazi dute aurreikusitako lan batzuen epeak berriro aztertu beharko direla eta beste batzuen kasuan bertan behera geratuko direla.
Aldundiko bozeramaile eta Bide Azpiegituretako diputatu Larraitz Ugartek gogor salatu zuen atzo aurreko aldunditik bide azpiegituren arloan jaso duten oinordetza. Izan ere, 2012tik 2015era 731 milioi euroko gastua egitea aurreikusi zuen EAJk eta Hamaikabatek osatutako gobernuak. Horri gehitu beharrekoak dira, gainera, artapen, kudeaketa, gainbegiraketa eta udalen beharrak asetzeko gastuak; beste 234 milioi euro, alegia.
Ugarteren iritziz, gastu hori «bideraezina» da, aldundiaren aurrekontua 600 milioi euro ingurukoa izango baita 2012an, eta horietatik ia erdia gizarte politikari baitagokio. Bideraezina izateaz gain eredu hori ez dela jasangarria erantsi du Ugartek: «Nola arraio plantea daiteke errepideetan horrelako gastua?». Hortaz, Ugarteren irudiko, «hemen larria orain arteko eredua jarraitzea izango litzateke, larria ez da haiek inolako ardurarik gabe mahai gainean jarri dituzten proiektu horietako batzuk ez ditugula egingo esatea».
Datu horiek ezagutarazteaz gain, Diputatu Kontseiluak atzoko biltzarrean hartutako bi erabakiren berri eman du Ugartek: Zarauzko saihesbidearen lehenengo zatia egiteko proiektuaren obren kontratuari uko egitea, eta N-1 errepideko Lasarte-Oriako hegoaldeko Allerruko lotunea birmoldatzeko eta biribilgune goratu bihurtzeko proiektua kontratatzeari uko egitea. Bi kasuetan, lanak ez zeuden oraindik adjudikatuta. Atzoko erabakiekin 34,5 milioi euro aurreztuko ditu Gipuzkoako Aldundiak.
Aurreikusitako 25 proiektuen artean, Andoaingo saihesbideko lanak eta Azkoitia eta Urretxu arteko GI-631 errepidekoak dira garestienak. Lehenarentzat, 120 milioi euro bideratu zituen aurreko aldundiak, eta bigarrenarentzat, 110 milioi euro.
«Bidegi ereduari» kritika
Ugartek Bidegi ere izan du hizpide, eta sozietatearen inguruan hartu dituzten erabaki ugari jakinarazi ditu. Aldundiko Interbentzio departamentuak esku hartuko du Bidegin, «zorrotz» kontrolatzeko nola funtzionatzen duen sozietate publikoak. Horrez gain, 2012ko aurrekontuari begira, zuzendariaren soldata %15 jaitsiko dute, eta administrazio kontseiluko kideei dietak kenduko dizkiete.
Bidegiren kudeaketa dela-eta kritikatu du ere aurreko aldundia Ugartek. Azaldu duenez, errepideetan egin beharreko lanak finantzatu ahal izateko sortu zuten sozietate hori, baina gaur egun 900 milioi eurotik gorako zorra du. Zor hori ordaintzeko sistema ere dudan jarri du Ugartek; izan ere, aurten bidesarien bidez 110 milioi euro biltzea espero zuen Bidegik, baina 103 jasoko ditu. 2012an, 118 milioi jasotzea dago aurreikusia; 2013an, 124; eta 2014an, 130. Bidesarien bidez lortutakoarekin aurreikusitakora iristen ez badira, zorraren ordainketa foru aldundiari dagokiola oroitarazi du Ugartek, eta kezka azaldu du horrek sor dezakeen arazoaren gainean.
Egoera hori gainditzeko, Gipuzkoako Aldundiak balizko konponbideak bilatzean lan egingo duela ziurtatu du Ugartek, baina «Bidegi ereduak» ez duela balio argitu du. Eredu horrek «bere kabuz» hutsuneak dituela uste du Ugartek, baina sozietateak errepideak mantentzeko Bidelan enpresa kontratatu izanak zalantza gehiago pizten dizkiola gaineratu du. Kontratuaren berritzeari dagokionez, 2003-2013 eperako zen, bost urtez luzatzeko aukerarekin. 2010eko martxoan, ordea, kontratua 2018ra arte luzatzeko erabakia hartu zuen Bidegik. Bestalde, Bidelani ordainketak egiteko era ere auzitan jarri du; erabiltzaile kopuruaren arabera ordaindu ostean, orain Bidelanen gastuen arabera ordaintzen du Bidegik, gastu horiei %7,7 gehitzen zaielarik. Aldaketa hori atzeraeraginezko erabakia izan zela ere esan du Ugartek, eta, beraz, 2009. eta 2010. urteetan aldundiak Bidelani lehen baino hamabi milioi euro gehiago ordaindu dizkiola. Horrenbestez, Bidelan «sekulako pagotxa» dela iritzi dio Ugartek, eta «interes politiko nabarmenak» antzematen ditu.
Gipuzkoako Foru Aldundiak auzitan jarri ditu 25 errepide proiektu
Zarauzko saihesbidea eta N-1eko Lasarteko lotunea ez ditu egingo, eta 34 milioi euro aurreztuko ditu horrela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu