Gaurtik aurrera, lehenengo bidaiatik %40 gutxiago ordainduko dute Lurraldebus txartel bakarra erabiltzen dutenek. Orain arte 1,10euro balio zuen bidaiak gaurtik aurrera 0,66 balio du. 41 bidaiatik 70era egiten dituztenek %70eko deskontua izango dute, eta herri arteko autobusa 71 aldiz baino gehiago erabiltzen dutenek %90 gutxiago ordainduko dute.
Arantxa Tapia Mugikortasunerako eta Lurralde Antolaketarako Gipuzkoako diputatuak prezio eta deskontuen aurkezpena egin zuen atzo, Pilar Arana Mugikortasuneko eta Garraio Publikoko zuzendariaren laguntzaz. Tapiak gogorarazi zuenez, aurreko legegintzaldian hamaikagarren bidaiatik hasten ziren deskontuak, eta bidaia bakarreko txartelen prezioak %15 garestitu ziren. Orain, deskontuak lehenengo bidaiatik aplikatuko dira. Txartelik ez dutenek, bestalde, orain arte bezala 1,25 euro ordaindu beharko dute bidaia bakarreko txartela. Gaueko zerbitzuek ez dute deskonturik izango, baina gauez egindako bidaiak kontatuko dira deskontuak egiteko unean.
Tapiaren esanetan, helburu nagusia jendea garraio publikoa erabiltzera animatzea da: «Espiral positibo bat sortuko da: erabiltzaile gehiago badaude, zerbitzuaren kalitatea eta denbora eta distantzia ratioa hobetuko da, zirkulazioa eta ingurumenari egiten zaion kaltea arinduz».
Gipuzkoako Foru Aldundiak bost milioi euro jarriko ditu beherapenen politika berria finantzatzeko. Orain arte 35.000 erabiltzailetik gora dira, eta deskontuekin, beste 900 lagunek txartela eskatzea espero du Foru Aldundiak. Aurreikuspen positiboak egin dituzte: «Erabiltzaile guztien artetik, erdiek dute txartela: aurreikuspenen arabera, gutxienez %70 izango dira aurrerantzean, eta %90era iristea espero dugu».
Gainera, txartela erabili ahal izateko autobus konpainia bat gehiago izango dute erabiltzaileek. Herri arteko bederatzi autobus konpainia zeuden orain arte Lurraldebus sistemaren barnean. Gaurtik aurrera, Pesa konpainiako autobusen erabiltzaileek ere txartel bakarra erabili ahal izango dute ia linea guztietan. Baiona-Lourdes, Eibar-Iruñea eta Bilbo-Donostia-Baiona bidaiak egiteko eserlekua erreserbatzerakoan, ordainketa betiko moduan egingo da; ezin da txartelarekin ordaindu.
Foru Aldundiak pazientzia izateko eskatu die erabiltzaileei. Lehenengo egunetan arazoak izango direla badakitenez, lasai hartzeko eskatu dute.
TRENAK ETA HERRI BARNEKO GARRAIOAK. Tapiak jakinarazi zuenez, neurri sorta baten lehen urratsa dira deskontuak. Txartel bakarra herri barneko autobusetan ezartzea izango da hurrengo pausoa. Hernanin dagoeneko martxan dago, Irunen laster egongo da prest, eta Donostiako, Errenteriako, Eibarko eta Tolosako autobusetan sistema laster jarriko dutela uste dute. Hamar urtetik beherako haurrek garraio publikoa doan erabiltzea da Foru Aldundiaren beste erronka bat. Horrez gain, turistentzakotxartelak eta hilabeteko txartelak ateratzea ere pentsatzen ari dira.
Trenean, Euskotren eta Renfe konpainietan ere txartel bakarra ezarri nahi dute lehenbailehen. Garraio publiko guztiak txartel bakarrarekin erabili ahal izatea da Foru Aldundiaren xede nagusia.
Gipuzkoako Lurraldebusen erabiltzaileek %40 merkeago izango dute lehen bidaiatik
Txartel bakarra Pesa konpainiako linea gehienetan ere erabili ahal izango da gaurtik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu