Iazko otsailean Jon Jauregi Gipuzkoako ahaldun nagusitarako EAJko hautagaiaren zergei eta ondareari buruzko datuak zabaldu zituen Ser irrati kateak, hain justu, errenta aitorpena egiterakoan ondare eta irabazien zati bat ezkutatu egin zituela salatzeko. Datu horien zabaltzearen ondorioz Jauregik uko egin behar izan zion hautagai izateari, eta egungo ahaldun nagusi Markel Olano izan zen haren ordezkoa.
Datu horiek zabaldu zituztela eta, salaketa jarri zuen Jauregik, eta salaketa horren harira Datuen Babeserako Euskal Agentziak ebatzi du joan den legegintzaldiko Gipuzkoako Ogasuneko buruak izan zirela datuak zabaldu zituztenak, eta, gainera, "arau hauste larria" egin zutela. Zehazki, EAJko -jauregiren alderdi bereko- Juan Jose Mujika zen orduan Ogasuneko buru. Datuen filtratzea EAJren barne ildoen arteko liskarren ondorio zela iradoki zen garai hartan.
Datuen Baberako Agentziaren ebazpenaren berri Pello Gonzalez egungo Ogasun diputatuak (EA) eman du gaur Gipuzkoako Batzar Nagusietan, eta berriro halakorik ez gertatzeko neurriak hartu dituztela ziurtatu du.
Era berean, bere zergen berriskupen txostena plazaratzeko baimena eskatu dio Gonzalezek Jauregiri. Iruzur salaketa egin zitzaiola eta, Jauregik berak eskatu zuen berrikusketa egiteko, eta Ogasunak orain amaitu du txostena.