Gipuzkoako zahar etxeetan greba eguna dute gaur eta bihar, eta manifestazioa egin dute

ELAk eta LABek deitu dute lanuztera. Hainbat aldarrikapen egin dituzte; besteak beste, sektoreko lan hitzarmena eskatu dute.

Gipuzkoako zahar etxeetako egoera salatzeko manifestazioa, gaur, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2021eko irailaren 23a
14:05
Entzun

Hiru urte bete dira Gipuzkoako zahar etxeetako langileak lan baldintza hobeen eske protestan ari direla. Eta gaur eta bihar ere greba eguna dute, ELA eta LAB sindikatuek deituta. Hainbat ekinaldi eta mobilizazio antolatu dituzte, eta manifestazioa egin dute gaur goizean, Donostian, Saguesetik abiatuta. Aldarrikapenez jositako protesta izan da. Tartean, lan hitzarmena eskatu dute, eta Gipuzkoako Foru Aldundiari erantzukizunak exijitu. Gipuzkoako Senideak elkarteak ere parte hartu du manifestazioan.

Josune Diaz ELAko ordezkariak azaldu du hiru urte direla lanuzteak hasi zituztela –251. greba eguna dute gaurkoa–, eta «erantzunik gabe» daudela oraindik ere: «Lan hitzarmenaren negoziazioan ez da aurrerapausorik eman». Gipuzkoako zahar etxeetako langileen lan baldintzak hobetzeko beharra azpimarratu du, eta adierazi egoitzen egoera geroz eta «okerragoa» dela: «Egoera muturrekoa da».

«Gaurkoa beste borroka egun bat da Gipuzkoako zahar etxeetako langileentzat. Urte gehiegi ari gara borrokan lan hitzarmen duin baten alde, lan baldintza duinen alde», esan du Leire Ormazabal LAB sindikatuko ordezkariak. Lan kargak »gehiegizkoak» eta «jasanezinak» direla salatu du.

ELAk eta LABek erantzukizuna eskatu diote Gipuzkoako Foru Aldundiari: «Zeren zain dago diputazioa?». Ormazabalek gogorarazi du Markel Olanok atzo berretsi zuela ez dela berriz aurkeztuko ahaldun nagusi izateko, eta eskatu diote joan aurretik «lanak eginda uzteko».

Borrokan jarraituko dutela nabarmendu dute, eta azpimarratu ez dutela amaituko irtenbidea bilatu arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.