Langileen ordezkariek adierazi dute urritik ez dela batzartu negoziazio mahaia, patronalak ez duela lan baldintzak hobetzeko inolako keinurik egin, eta horrek eraman dituela mobilizazioak iragartzera. Gaur goizean jakinarazi dute, Donostian egindako agerraldi batean. Udaberrian haien borrokaren zergatiak "sozializatu" nahi dituzte, eta, horrekin erantzunik ez dagoela ikusten badute, greba egunak hasiko dira. Irailean izango litzateke lehena: hilaren 28an. Hiru egun lirateke urrian: 24an, 25ean eta 26an. Azaroan, bost: 26tik 30era. Abenduan gainerakoak: 24tik 31ra. Zahar etxeetako langileak eguneko zentrotakoekin batera ari dira borroka honetan. Hamasei hilabete dira hitzarmen berri bat negoziatzen hasi zirela.
Egun patronalak sustatzen duen ereduan Gipuzkoako Foru Aldundia lagun duela deitoratu dute langileek, eta dei egin diote foru erakundeari. "Ezin da ahantzi zerbitzu publiko bat dela zahar etxeena", esan du ELA sindikatuko ordezkari Idoia Elustondok. Aldundiak azpikontratuta dituen beste zerbitzu batzuekin alderatuta, zahar etxeetan soldatak apalagoak direla esan du eta sektorean langile ia denak andrazkoak direla aintzat hartuta, gizon eta emakumeen arteko ezberdintasuna handitu besterik ez duela egiten horrek. Neurtu egin dute, gainera, soldatetan ikusten den arrakala hori: %30ekoa da.