Gipuzkoan ere onartu dute zerga berrikuspena

EAJren, PSE-EEren eta Ahal Dugu-ren aldeko botoekin onartu dute berrikuspena. EH Bilduk eta PPk kontra egin dute. Itziar Agirre Ogasun diputatuaren esanetan, berrikuspena Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan onartuta «beste fase bat» hasiko da.

(ID_14512776) (Gorka Rubio/@FOKU) 2024-12-13, Donostia. Aurrekontu eztabaida Gipuzkoako Batzar Nagusietan, irudian  13-12-2024, San...
Gipuzkoako Batzar Nagusiak, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Iosu Alberdi.
2025eko maiatzaren 7a
12:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Gipuzkoako Batzar Nagusiek ere onartu dute zerga berrikuspena. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundietan agintean diren bi indarrek, hau da, EAJk eta PSE-EEk akordioa egina zuten Ahal Dugu-rekin, eta, beraz, ez dute arazorik izan berrikuspenak aurrera ateratzeko, nahiz eta botoa emateko orduan aretoko ordenagailuak huts egin. Duela hilabete onartu zituzten foru arauak Araban eta Bizkaian, eta gaurko bozketaren bitartez amaitu dute prozesua. EH Bilduk eta PPk ez dute bat egin akordioarekin. Lehenak uste du ez dela bermatzen egungo erronkei erantzuteko adinako diru bilketarik. Bigarrenak, berriz, irizten dio enpresek gehiegi ordainduko dutela. Hala bataren nola bestearen jarrera kritikatu dute EAJk eta PSE-EEk.

Hain zuzen, Araban eta Bizkaian berrikuspenak behin betiko onartu zituzten egun berean, argi geratu zen aferak ez zuela atzera-bueltarik Gipuzkoan ere. Egun hartan, akordioaren parte diren hiru indarrek atzera bota zuten EH Bilduren osoko zuzenketa. Gaur ere, batuketa bera izan da, eta 26 botorekin lortu dute berrikuspena onestea. Kontra egin dute EH Bilduk (22 batzarkide) eta PPk (hiru).

Itziar Agirre Ogasun diputatuak adierazi du bidea «luzea» izan dela, baina gaurko bozketaren ostean «beste fase bat» hasiko dela: «Jauzi bat egiteko beharra zegoen, eta gaur bultzada hori baieztatu da». Esan du berrikuspena «harmonizatua» dela, eta ona gipuzkoarrentzat; adierazi du mesede egingo diela 70.000 zergadunei, eta nagusiki gazteei. Horiek hala, Agirrek eskerrak eman dizkie gobernua sostengatzen duten bi alderdiei eta Ahal Dugu-ri: «Akordioak egitea inoiz ez da erraza izaten, baina, horretarako nahia baldin badago, posible da zailtasunak gainditzea».

EH Bildu da talderik handiena Gipuzkoako Batzar Nagusietan, baina akordiotik kanpo geratu da. Koalizioko ordezkari Haritz Perezek, kontrako botoa zergatik eman duten azaltzean, hizpidera ekarri du EH Bilduk berak, jeltzaleek eta sozialistek ondutako lehen akordioa, eta salatu onartu den berrikuspenak ez dituela betetzen hartan jasotakoak: «Adostu genituen ondorioetatik ateratako zerga erreforma ukatu duzuenek azalpen bat zor diezue euskal herritarrei». Argudiatu du, besteak beste, politika industrial berri batek, Osakidetzak eta zaintza sistemak inbertsio handiak eskatzen dituztela, eta horri erantzuteko diru gehiago bildu behar dela. Zehazki, adierazi du EH Bilduren proposamenak 900 milioi euro gehiago biltzeko xedea duela, eta txartzat jo du foru gobernuek kontrako norabidea hartu izana. Hala, koalizioak osoko zuzenketa bat aurkeztu zuen, nahiz eta gaur soilik bederatzi zuzenketa partzial eraman dituzten batzarrera; ez dituzte onartu.

Mikel Lezama PPko bozeramaileak ere gaitzetsi du akordiotik kanpo geratu izana. Hain zuzen, salatu du «betoa» ezarri zaiela, «itun itxi eta hermetiko» baten mesedetan. Kritika hori Gipuzkoako ahaldun nagusi Eider Mendozari egin dio, eta esan dio EAJren EBBko orduko presidente Andoni Ortuzarren agindu bati men egiteagatik bota duela atzera azken bi urteetan PPk eta EAJk landutakoa: «Gaur onartuko denak ez dio erantzuten gure lurraldeko sektore garrantzitsuekin adostutakoari». Izan ere, hiru lurraldeetan formula beraren alde egitea kritikatu du Lezamak, Gipuzkoa «bereiztearen» alde egin beharko litzatekeelakoan.

Alderdi Popularrak 72 zuzenketa aurkeztu dizkio foru arauari, baina ez dituzte onartu. Izan ere, PSE-EEko kide Jesus Maria Zaballosek azaldu du euren eredua eta PPrena «antagonikoak» direla, eta, beraz, «betoa» ezarri diotela. Argudiatu du PPren zuzenketek «desparekotasuna» areagotu besterik ez luketela egingo. EH Bilduri, berriz, ez diote «betorik» jarri, sozialistak azaldu duenez. Adierazi du bi aldeek bat egiten dutela zerga erreformaren bidez erantzun beharreko erronkei dagokienez, baina uste du koalizio subiranistak aukera bat galdu duela auzia foru araura eramateko orduan, alderdiaren interesak «Gipuzkoaren interesen gainetik» jarrita: «Ez engainatu jendea: foru arau hau ona da».

EAJko Oianko Ganboa batzarkideak uste du identifikatutako erronka nagusiei erantzuten diela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan onartutako zerga berrikuspenak, eta itun baten bidez lortu izana nabarmendu du: «Zerga erreformak agerian uzten du du ganbera honen akordiorako gaitasuna». Halere, EH Bilduri eta PPri aurpegiratu die akordioarekin bat egin ez izana. Ganboak uste du EH Bilduk «helburu elektoralistak» lehenetsi dituela, eta ez edukiak. Are gehiago, leporatu dio Podemoseko buru Ione Belarrari deitu izana Ahal Dugu-k atzera egin zezan: «Konfiantzazko zubiak apurtzen jarraitzen duzue».

Azkenean ez zen, baina, atzerapausorik izan, eta Elkarrekin Gipuzkoako eledun Miren Etxebestek adierazi du akordio haren emaitza dela gaur bozkatutakoa. Hark ituna defendatu du, egungo gizartearen arazoei erantzuten dielakoan. Zehazki, alderdi morearen ekarpena nabarmendu du, eta esan «ezinbesteko oxigeno baloi bat» izango dela langileentzat. Hala, aferaren inguruko azken bilkuran aitortu bazuen ere eztabaidara eramandakoa ez dela Ahal Dugu-k nahiko lukeen erreforma, gaur ez dio afera horri erreparatu, eta oposizioko gainerako alderdiei eskatu die «alderdikeriak» utzi eta hura babesteko.

Akordio gorabeheratsua

Barne eztabaida gorabeheratsu baten ostean, Ahal Dugu-k martxoaren erdialdera eman zuen erabakiaren berri. Alderdiko batzarkideek babesa emango zioten EAJk eta PSE-EEk proposatutako zerga berrikuspenari, bi aldeek 27 neurri adostu ostean. Akordio bat erdiesten zuten bigarren aldia zen hura. Astebete lehenago beste bat egin zuten, baina, militantziari kontsulta egin ostean, Ahal Dugu-ko zuzendaritzak erabaki zuen bozketa haren emaitza ez zela nahikoa baiezkoaren alde egiteko. Afiliatuen %25ek baino gutxiagok parte hartu zuten galdeketan, eta bozkatu zutenen %46k egin zuten akordioaren alde; %43k egin zuten kontra.

Gainera, ezker konfederaleko indarren arteko zuloa are gehiago handitu du aferak. Izan ere, Ahal Dugu-koak Elkarrekin koalizioan aurkeztu ziren foru hauteskundeetara, besteak beste, Ezker Anitzarekin eta Equorekin batera. Alderdi morekoak dira batzarkide gehienak, eta horiek foru arauaren alde bozkatu dute. Ez zuen hala egin, ordea, Ezker Anitzak Arabako Batzar Nagusietan duen ordezkariak. Izan ere, Sumar —Ezker Anitza, Sumar Mugimendua eta Equo— akordioaren kontra azaldu zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.