«Estatuak ez dauka arazorik jada deseginda dagoen erakunde batekin. Eskubideak urratzearen kontra dagoen gizartearen gehiengoarekin du estatuak arazoa, gehiengo horrek ez baitu nahi bere izenean askatasunez gabetutako pertsonen eta haien senideen eskubideak urratzea». Rosa Rodero ETAren biktimak eta Asun Lasa GALenak Espainiako Gobernuarengan jarri dute euskal presoen eskubideak errespetatzearen ardura, eta nabarmendu dute ez direla aldarrikapen politikoak: «Giza eskubideez ari gara».
Espainiako kartzeletan dauden euskal presoei Espainiako legedia aplika diezaietela galdegin dute milaka eta milaka lagunek egindako manifestazioaren bukaeran: «Eskatzen dugu espetxeetako onuren kudeaketan diskriminaziorik ez izatea, presoak Euskal Herrira hurbiltzea, gaixotasun larriak dituztenak eta adineko presoak askatzea, graduz aldatzeko aukera izatea, kondena bidegabeak berrikustea». Asteon Espainian eratu den gobernu berrian «gehiengoa lortu dute indar aurrerakoiek», haien hitzetan, eta «gai hau estatuaren agendan ausardiaz sartzeko» aukera dutela adierazi dute, «are gehiago Euskal Herriko eta Kataluniako alderdi politikoek eskaera hau saihetsezintzat eta urgentetzat jo ondoren».
Ondorengo belaunaldiei «bakean» eta «bizikidetza demokratikoan» bizi den gizarte bat utzi nahiko liekete, eta horretarako «giza eskubideak abiapuntutzat eta elkargunetzat» har daitezela aldarrikatu dute.
Jendetza kalean
Manifestazioaren buruan, gazteak izan dira protagonista: haiek zabaldu dute martxaren burua, pankarta nagusiaren aurrean zabaldu duten oihal bati eutsita. Baionako manifestazioari bukaera eman dioten makila eta irrintzia ere presente izan dira Bilbon protestaren hasieran, elkarri lekukoa pasatuta. Ohi bezala, euskal preso eta iheslarien senideak joan dira pankartaren gibeletik: haiek manifestazioan izateko, asteburu honetan bisitarik gabe geldituko dira presoak. Preso kataluniarren aldeko pankarta bat ere zabaldu dute manifestazioaren aurrealdean. Ibilbide osoan zehar jendetza bildu da, eta Euskal presoak etxera oihua nagusitu da, besteak beste.
Arantza Aldezabal eta Joseba Azkarraga Sareko kideek ere Espainiako Gobernuarengan jarri dute ardura Autonomia kalean egindako adierazpenetan; baina ez bakarrik. Madrilen ordezkaritza duten euskal alderdiei ere egin nahi izan diete eskaera: «Euskal erakundeetan lortu diren akordioak Madrilgo Gorteetara eramateko unea da, pausoak ematen jarraitu behar baitugu, Euskal Herrian bakean eta bizikidetzan oinarritutako etorkizun bat eraiki ahal izateko».
Biktimen izenean ez
Biktimen erabilera interesatua egiten dutenei ere mintzatu zaizkie Rodero eta Lasa manifestazioaren bukaerako mezuan: «Ez dugu nahi beste inork gure izenean hitz egitea; gu geu gara geure buruaren ordezkari». Dena den, uste dute haien gisan biktima askok nahi dutela espetxeetan giza eskubideak errespeta daitezela: «Gainera, legeak babesten du jardun hori».
«Estatuko erakundeak isilik» dauden bitartean, Euskal Herrian azken urteotan herritarrek bultzaturiko «adiskidetze eta enpatia» prozesuak txalotu dituzte bi biktimek: «Dagokion balioa aitortu behar zaio elkarrizketa politikorik gabeko egoera batean lortu denari». Horren adibide gisa jarri dituzte ETAk jarduera armatua bukatu eta bere burua desegin izana, «erakundeek ausardia faltaz esku hartu ez zuten arloetan» gizartea inplikatu izana, eta biktima eta presoen senideenganako errespetua eta enpatia areagotu izana.
Roderok eta Lasak preso kataluniarrak ere izan dituzte gogoan, baita Angel Otsoa de Eribe preso ohia ere, zeina, larriki eri egon ondoren, espetxetik atera eta lau hilabetera zendu baitzen: «Ez gaitezen engaina: estatua da egoera hau mantentzen ari dena». Parte hartzaileei eskerrak emanez bukatu dute hitzaldia: «Eskerrik asko guztiontzako hobea izango den jendarte baten alde lan egiteagatik».
AEMren manifestazioa, Bilbon
AEM Amnistiaren aldeko eta Errepresioaren aurkako Mugimenduak manifestazioa egin du, Bilbon, Borroka egitea zilegi da. Amnistia osoa goiburupean. Unamuno plazatik abiatu eta Zazpikaleak zeharkatu dituzte parte hartzaileek.