Olatz Iglesias (Mexiko Hiria, 1995) psikologoa da, eta gertutik ezagutzen ditu euskal presoei ezarritako salbuespen politikak. Haurra zela bizi izan zuen urruntzea, eta oraindik ere gertutik erreparatzen dio espetxe politikari; izan ere, pausoak eman badira ere, uste du oraindik asko dagoela egiteko. Bihar, Carlos Martin Beristain eta Paco Etxeberriarekin arituko da solasean, Sare Herritarrak antolatutako II. Konferentzian, biktimak hizpide hartuta.
Gatazka bateko biktimak. Bada garaia salbuespenik gabeko errekonozimendu baterako izenburua du zuen mahai inguruak. Nola erreparatu diozu udan Txiki eta Otaegiren inguruan sortu den eztabaidari?
Gertatutakoa lotsagarria da, are gehiago jakinda halakoak Gogora-ko zuzendariaren ahotik atera direla. Iruditzen zait halako adierazpenek bakea oztopatzen dutela, eta euskal jendartearen gehiengoaren borondatearen kontra doazela. Askotan erabili da biktimak errudun bihurtzeko estrategia, eta uste dut horrek modua ematen duela oraindik ere eskubide batzuk baldintzatzeko, biktima batzuk ikusezin bihurtzeko. Argi dago lehen eta bigarren mailako biktimak daudela.
Eta nola egin aurrerapausoak auzi horretan?
Gatazka osteko jokalekuan biktimez hitz egitea ez da iraganaz hitz egitea bakarrik: orainaz eta etorkizunaz ere hitz egin behar da. Uste dut euskal jendartea eztabaida zintzoago eta sakonago baten egarri dela.
Hain zuzen, konferentziaren aurkezpenean, beharrezkotzat jo zen erakundeek hausnarketa bat egitea biktimei ematen zaien tratamenduaren inguruan. Nondik abiatu behar da?
Instituzioek ulertu beharreko lehen premisa da biktimak aitortzea ez dela karitate ekintza bat, justizia ekintza bat baizik. Funtsezkoa da ulertzea biktimen tratamendua justizian oinarritu behar dela, erreparaziorako eta ez errepikatzeko bermeen printzipioetan. Erakundeek subjektu aktibo gisa aitortu behar dituzte biktimak, ez soilik narratiba bateko objektu gisa. Eta, hori egiteko, beharrezkoa da ikuspegi erredukzionistetatik aldentzea.
«Instituzioek ulertu beharreko lehen premisa da biktimak aitortzea ez dela karitate ekintza bat, justizia ekintza bat baizik»
Eta zer iruditu zitzaizun Maria Jesus San Jose sailburuak Monbarreko biktimen senideei barkamena eskatu izana? Kostata iritsi da, baina bada pauso bat?
Pauso bat da, eta oso inportantea den zerbait azaleratzen du, barkamena hamarkadetako absentziagatik eta isiltasunagatik eskatu baitu. Normala da zenbait biktima erakundeez ez fidatzea, abandonatuak sentitu direlako, eta horren harira funtsezkoa da biktima guztiak ñabardurarik eta baldintzarik gabe aitortzea. Biktima bat bera ere ezin da aho txikiarekin aitortu.
Jaurlaritzak eskatu du barkamena. Biktimarioei erreparatuz gero, baina, ez al luke Madrilek egin behar hori? Aukerarik dagoela uste al duzu?
Ezberdintasun handia sumatzen dut euskal gizartearen eta estatuko beste leku batzuetakoen artean. Ez naiz erru indibidual edo kolektiboez ari, baizik eta halako prozesuei heltzeko sentsibilitateaz. Uste dut Euskal Herrian prestatuago gaudela ulertzeko gizarte zabal batean ez dagoela egia edo kontakizun bakar bat. Jarrera hori ez da inprobisazioaren ondorioa, esperientzia luze eta mingarri batetik sortua baizik: bultzatu gaitu galdetzera ea gatazkaren ondoren nola biziko garen elkarrekin.
Eta Espainia ez duzu hor ikusten?
Hein handi batean, kontakizuna kontatzeko moduaren ondorio bat da. Urte askoan, zenbait diskurtso hegemonikok errealitatea sinplifikatu dute, eta estigmak indartu. Ñabardurak egiteko eta askotariko ahotsak entzuteko aukera baztertu dute. Horrek eragin zuzena du bakea, justizia, erreparazioa eta halako kontzeptuak ulertzeko edo ez ulertzeko. Hala, Madrilgo instituzioek begiratu beharko lukete zerk baldintzatuta hartzen dituzten erabakiak. Ulertu beharko lukete giza eskubideak eta aitortza ezin dituela baldintzatu erreakzio mediatiko baten beldurrak.
Bere azken txostenean, Jaurlaritzaren balorazio batzordeak indar egin du dispertsioaren biktimek jasandako «sufrimenduan eta draman», baina ebatzi du legearen arabera ezin dituela biktima gisa aitortu trafiko istripuetan hildakoak.
Egia deseroso baina funtsezko bat adierazten du: biktima guztiak ez direla berdin tratatzen. Ez diskurtso ofizialean, ez politika publikoetan, ez memoria kolektiboan.
«[Espetxe arloan] Aurrerapauso asko daude emateko, baina batzuk blokeatuta daude, horien inguruko diskurtso publikoa izan den bezalakoa izan delako»
Hamasei lagun hil dira trafiko istripuetan, eta zaurituak ere izan dira. Zer urrats egin daitezke errealitate hori ere aitortzeko?
Uste dut aitortu behar direla kontakizun nagusiarekin bat ez datozen biktima horiek ere. Gizartea osatzen duen aniztasunaren parte dira. Eta horrek esan nahi du erakundeek irekita egon behar dutela, eta narratiba dikotomikoak saihestu. Urratsak egiteko bidean gaudela sentitzen dut, baina benetan astiro goaz. Uste dut euskal jendartea instituzioen aurretik doala.
Urruntze politika amaitu zen, eta ordutik beste urrats batzuk ere egin dira: gradu progresioak, baimenak...
Sakabanaketarik ez dagoenez, ematen du euskal presoen egoera asko aldatu dela, baina normaltasun hori erreala da, ala itxurazkoa? Uste dut iritzi publikoan badagoela pertzepzioa normaltasunez aurrera egin dela, baina normaltasun hori itxurazkoa iruditzen zait. Errealitatea da euskal presoak salbuespen egoeran daudela oraindik ere. Lege arrunt batzuk formalki aplikatzen zaizkie, baina praktikan irizpide murriztaileagoak dituzte, eta etengabe zelatatzen dituzte.
Zergatik uste duzu gertatzen dela hori?
Presio mediatiko eta politiko etengabe bat dago, eta horrek baldintzatu egiten du espetxe tratamendu normal bat ezartzea. Aurrerapauso asko daude emateko, baina batzuk blokeatuta daude, horien inguruko diskurtso publikoa izan den bezalakoa izan delako: batzuek mendekuan eta gorrotoan oinarrituz monopolizatu dute diskurtsoa.
Zenbait elkarteren mezuez ari zara?
Garrantzitsua da esatea biktima guztiek ez dutela begirada hori. Biktima adina begirada daude, eta askok jarrera gizatiarrago edo ausartago bat dute. Eta esaten dute justizia ezin dela eraiki zigorrean oinarrituta soilik, sufrimenduaren erabilera politikoan oinarrituta. Euskal gizarteak badaki hori, eta horregatik eskatzen da gero eta indar handiagoz elkarrizketa zintzo bat. Ezin dute eragotzi giza eskubideak salbuespenik gabe aplikatuko diren bizikidetza eredu baterantz joatea, ezta espetxeetan ere.