«Konponbidea, bakea eta elkarbizitza». Ordena horretan egin behar da bidea, Sare Herritarraren arabera, eta ordena horretan landuko dituzte hiru esparruak urriaren 18an egingo duten konferentzian. Iaz Donostiako Kursaalean egin bezala, aurten Bilboko Euskaldunan elkartuko dira, Ezin da gehiago luzatu lelopean. Konponbide eredu ezberdinak eta biktimen aitortzaren auzia jorratuko dituzte mahai inguru banatan, eta Maria Jauregi ETAren biktimak eta Joseba Azkarraga plataformako eledunak emango diote amaiera jardunaldiari, manifestu bateratu batekin.
Sareko kideek azaldu dutenez, lehentasuna «konponbide justu» bateranzko urratsak egitea da. Hala, nazioartera joko dute Irlandako eta Hegoafrikako bake prozesuen nondik norakoak aztertzeko. Zehazki, Michel Culbert IRAko kide eta preso ohia eta Roelf Meyer Hegoafrikako ministro ohia arituko dira solasean.
Euskal Herrian, baina, konponbiderako pausoak «motel» doaz, Sareko ordezkarien esanetan. Bai, behintzat, bake prozesu bat hasi izan balitz baino motelago. Izan ere, Irlandan eta Hegoafrikan egin zenaz bestera, Euskal Herrian ez zen adostutako prozesurik ezarri ETAk bere jarduera armatua eten ostean, eta Sareko ordezkariek uste dute horren ondorioak oraindik ere bizirik daudela. Haien esanetan, halako prozesu bat egiteak modua eman zezakeen gerora hartu diren zenbait neurrik «alarmarik» ez sortzeko.
Euskal presoen egoerari lotutakoak dira neurri horietako batzuk. Azken urteetan urratsak egin dira, baina Sarek behin eta berriz nabarmendu du ez direla hark nahiko lukeen bezain azkar iristen. Plataformak datuak jarri ditu mahai gainean: egun, 126 euskal preso daude, eta horietatik 123 daude Euskal Herrian. Sailkapenari dagokionez, berriz, erdiak baino zertxobait gehiago dira oraindik ere bigarren graduan daudenak, 65.
Hain zuzen, preso horien egoerari erreparatu dio plataformak, eta adierazi du horien erdiek baino gehiagok (35) zigorra erregimen irekian betetzeko baldintzak betetzen dituztela. Beste 11 ere batu behar zaizkie, horiei Frantzian betetako espetxealdia kontuan hartuz gero. «Beste hainbat baldintzapean aske egon litezke, zigorraren hiru laurdenak bete dituztelako, baina horietako askori ez zaizkie eman kanpoko bizitzarekin harremanetan berriz jartzeko aukera errazenak ere», kritikatu dute.
Hala, eskatu dute preso horiei «izaera arrunteko espetxe politika» aplikatzeko, argudiatuta estatu demokratiko batean espetxearen xedea «birgizarteratzea» izan behar dela, «inolaz ere ez begia begi truk emateko legea eta mendeku instituzionala». «Indarkeria bukatu denean, berriz ez egiteko eta eragindako kaltea onartzeko konpromisoa dagoenean, eskubide hori errespetatu eta babestu behar da, irmotasunez», azpimarratu dute.
Konponbideari begira, bada landu beharreko beste esparru bat ere, «espetxe politika humanista» batekin guztiz bateragarria, Sareren arabera: «Indarkeria guztien biktimen sufrimenduarekiko elkartasuna». Hala, nabarmendu dute espetxe politika arrunt bat aldarrikatzea ez dela biktimen duintasunaren kontra egitea.
Horiek hala, konferentziako bigarren mahai inguruan, gatazkaren biktimei erreparatuko diete, aitortza, instituzioen trataera eta biktima guztien integrazioa hizpide hartuta. Solasean arituko dira Olatz Iglesias ume motxiladun izana, Carlos Martin Beristain auzitegi mediku eta psikologoa, eta Paco Etxeberria antropologo forentsea.
Puntu komunak
Bakea eta elkarbizitza, ordea, presoen eta biktimen auziei konponbide bat topatzea baino gehiago da. Sareren arabera, beharrezkoa da salbuespenak indargabetzea eta nork bereari erreparatzea: «Kontua ez da norberaren erantzukizunari izkin egitea arreta besteen erantzukizunean jarriz».
Izan ere, Sarek helburutzat jarri du «gorrotorik eta errebantxarik gabeko elkarbizitza», eta uste du horrek denei exijitzen diela ulertzea euskal gizartea «sentsibilitate guztietako jendeak» osatzen duela: «Memoriak eta kontakizunak, pluralean, aintzat hartu beharko genituzke». Hain zuzen, azaldu dute hori dela iraganaren inguruko «puntu komun batzuk» ezartzeko modua. «Normaltasuna berrezartzea eta mina aitortzea aski litzateke memoria partekatu bat eraikitzen hasteko, eta horrekin elkarbizitzarako oinarria jartzeko».
Horretarako abiapuntu gisa, barkamen eskea ezarri beharrean, autokritika, «modu akritikoan» jazotakoak eragindako minaren onarpena eta norberak bere erantzukizunak bere gain hartzea egon beharko lirateke, plataformaren ustez. «Aitortzatik abiatuta baizik ez da posible izango aurrera egitea, konfiantza areagotzea, enpatia sortzea», zehaztu dute.
Sareren II. Konferentzia
Sare Herritarrak urriaren 18an egingo du bere bigarren konferentzia. Hau izango da egitaraua:
- 10:00. Harrera. Bego Atxa Sareko eleduna.
- 10:15. Konponbide eredu ezberdinak nazioarteko gatazketan. Michael Culbert eta Roel Meyer. Moderatzailea, Xabier Madariaga.
- 11:30. Gatazka bateko biktimak. Bada garaia salbuespenik gabeko errekonozimendu baterako. Olatz Iglesias, Carlos Martin Beristain eta Paco Etxeberria. Moderatzailea, Naroa Iturri.
- 13:30. Amaiera. Joseba Azkarraga eta Maria Jauregi.