iheslariak

Giza eskubideen errespetua eta egia ezagutzeko eskubidea aldarrikatu dituzte iheslariek

EIPK-k bake prozesuan ekarpenak egiteko proposamenak egin ditu Miarritzen, jendetza elkartu duen ekitaldi batean. Deportatuen mugimendu askatasuna bermatzeko eta iheslarien etxeratzean laguntzeko eskatu dute. Ordubete berandu hasi da ekitaldia, Guardia Zibilak kontrolak jarri baititu Miarritzera bidean. Bideoa: ekitaldiaren laburpena eta Anais Funosas, Aurore Martin eta Geronimo Prietoren adierazpenak. [berriatb]http://www.berria.info/berriatb/1816/[/berriatb]

jon olano
2013ko ekainaren 15a
17:24
Entzun

Giza eskubideak errespetatzeko, "salbuespen" egoerak amaitzeko eta egia jakiteko eskubidea aldarrikatu ditu gaur eguerdian Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak Miarritzen, Irati aretoan eginiko ekitaldian. Bake prozesuari ekarpena egin diezaioketela-eta, proposamen ugari egin ditu EIPK-k, eta "itzultzeko unea" dela ohartarazi.

Hain zuzen, hiru ardatz horien araberako neurriak proposatu ditu kolektiboak. Salbuespen egoerak bertan behera uzteko, "tortura bidezko deklarazioetan oinarrituta dauden prozedura judizialak eta hauetatik eratorritako atxilotze aginduak zein euroagindu eta estradizioak" indargabetzeko eskatu du. Halaber, artxibatuta beharko luketen prozedura judizialak etetea ere galdegin du. Munduan zehar deportatuta dauden euskal herritarrentzat, berriz, mugimendu askatasuna bermatzea proposatu du.

Giza eskubideen ardatzean, gaixo dauden iheslarien zerrenda osatu eta haien egoera konpontzeko neurriak aztertzea, "bazterketa egoeran dauden iheslarien duintasuna ziurtatzeko neurriak" hartzea eta iheslari guztien etxeratzean laguntzea proposatu du.

Egiaren ingurukoa da EIPKren proposamenaren hirugarren ardatza. Iheslarien "desaperpenak, kalteak eta hildakoak eragin dituzten erasoak" argitzeko eskatu du kolektiboak: "Gertakari hauen inguruko egia jakiteko eskubidea dugu".

Ekitaldia, ordubete berandu

12:30 inguruan hasi da EIPKri elkartasuna adierazteko prestatutako ekitaldia. Hain justu, Elkartasun Hatsa deitu diote ekitaldiari. Ordubeteko atzerapenarekin hasi da, kontrolak egin baititu Espainiako Guardia Zibilak Miarritzera bidean, eta ordu eta laurden inguru iraun du.

Oso-osorik bete da Miarritzeko Irati aretoa, ekitaldia bertatik bertara jarraitzeko. Ordezkaritza politiko zabala izan da bertan: PSren aldetik, Frederique Espagnac senataria, Sylviane Alaux eta Collette Capdevielle diputatuak eta Kotte Ezenarro Kontseilu Nagusiko presidenteordea. Sortuko Amaia Izko, Xabi Larralde eta Joxean Agirre, MoDemeko Miarritzeko auzapez Didier Borotra, Berdeetako Alice Leizagezahar, Baionako hautetsi eta Baterako kide Martine Bisauta ere bertan izan dira.

Alderdi politikoetako ordezkariez gain, sindikatuetakoak —LABeko Geronimo Prieto, Eñaut Aramendi eta Ainhoa Etxaide, CGTko Peio Dufau eta CFDTko Michel Larralde— eta gizarte mugimenduetakoak —CADEko bozeramaile Victor Pachon, Herrira-ko Manu Ugartemendia eta Gloria Rekarte, Bake Bidea-ko Gabi Mouesca, Anaiz Funosas eta Filipe Bidart— ere bertan izan dira.

Eñaut Elorrieta kantariaren deserriko abestiekin hasi da ekitaldia, eta iraganeko hainbat irudi erakutsi dituzte ondoren.

Iheslariak lagundu dituen Anai Artea elkartearen izenean taularatu dira hurrena Bixente Garzia, Dominika Daguerre eta Aña Maria Grenie. Iheslariek bizitako egoeraz ohartarazi dute, eta haien kontrako erasoak gogora ekarri. "Baina ez dute inoiz burua makurtu", gaineratu dute. Elkartearen garapena ere azaldu dute, eta nabarmendu hainbat kantonamendutan sortu dituztela iheslariei laguntzeko komiteak. Besteak beste Cabo Verden eta Kuban dauden deportatuek ere parte hartu dute ekitaldian, mezu bat helarazita.

Xabier Tubal Abrisketak hartu du hitza gero. Bi urte zituen aita deportatu zutenetik, eta 30 urte igaro dira ordutik. Haurra zeneko aita-seme harremana izan du hizpide, noiz itzuliko zen galdetzen zionekoa: "Badakit aita ez dutela eraman zutenek ekarriko, baizik eta zuek, herriak ekarriko duela herrira".

Joseba Sarrionandia idazle eta iheslariak ekitaldirako idatzitako olerki bat kantatu du Amets Arzallus bertsolariak, doinua Eñaut Elorrietak jartzen zuela. "Gure eskubideak ez dira bukatzen besteenak hasten diren tokian; besteenak hasten diren tokian hasten dira gure eskubideak ere", esan du, eta gaineratu: "Ateak irekitzen dituen jendea oso onuragarria da ateak ixten besterik ez dakitenentzat ere".

Sortuk deia Miarritzera

"Euskal Preso Politikoen Kolektiboak egin bezala, Euskal Iheslarien Politikoen Kolektiboa ere ari da bere ekarpena egiten, konponbiderako prozesu demokratikoak aurrera egin dezan". Hala esan zuen atzo Sortuko bozeramaile Pernando Barrenak, eta urrats garrantzitsutzat jo zuen "mundu osoan zehar barreiatuta eta hainbat egoeratan dauden iheslariek" hamalau lagunez osatutako mintzaidetza aurkeztu izana.

Preso eta iheslarien itzuleran ados jartzeko beharra agertzen da Aieten aurkeztutako gomendioetan, eta bide horretan, "iheslariak etxeratzeko garaia" heldu dela esan zuen Barrenak: "Arrazoi politikoak medio alde egin zutenek itzultzeko eskubide osoa izan behar dute".

Mintzakide taldea

Asteon aurkeztu du EIPK-k mintzakidetza talde bat, Espainiako eta Frantziako gobernuekin haien egoeraz hitz egiteko. Haiekin mintzatzeko eskatu diete, "funtsezkoa" delako iheslarien ekarpena gatazkaren konponbide politikoan. Hamalau pertsonak osatzen dute taldea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.