Torturak

Giza Eskubideen Tribunalak Espainia zigortu du euskal preso baten tortura salaketa ez ikertzeagatik

23.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio Mikel San Argimirori. 2002an atxilotu zuten Madrilen, ETArekin lotuta, eta inkomunikazio aldian torturak jasan zituela salatu zuen. Auzi-medikuak kolpeak eta hematomak zituela jaso zuen.

2010eko irailaren 28a
17:31
Entzun
Europako Giza Eskubideen Tribunalak Mikel San Argimiro ETAko presoari 23.000 euroko kalte-ordaina ematera zigortu du Espainiako Estatua, hark ezarritako tortura salaketa ez zuela behar bezala ikertu iritzita. Giza Eskubideen auzitegiak ez du ebatzi San Argimirok torturarik jasan zuen edo ez -arrazoizko zalantzak badaudela dio, baina hori epaitzeko elementuak falta zaizkiola-, baina Espainiako Justiziak ez zuela hori argitzeko "ikerketa eragingarririk" egin nabarmendu du. Horregatik, 20.000 euro eman beharko dizkio San Argimirori kalte moralengatik eta 3.000 auzibide kostuengatik.

2002an atxilotu zuen Guardia Zibilak San Argimiro Madrilen, ETAko kide zelakoan. Inkomunikatuta egon zen aldian torturak jasan zituela salatu zuen: poltsa egin ziotela hainbatetan, kolpeak, umiliazioak, laiso sexualak eta heriotz eta bortxaketa mehatxuak. Inkomunikatuta egon zen bitartean aztertu zuen auzi-medikuak kolpeak eta hematomak antzeman zizkion, eta Badajozko espetxeko medikuak saihets bat hautsita.

Madrilgo auzitegi batek abiatu zuen ikerketa, baina gero bertan behera utzi zuen atxiloketan parte hartu zuten guardia zibilak identifikatzea ezinezkoa zela argudiatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.