«Euskararen zoria sormenerako eta kale erabilerarako gaitasunak definituko dute». Jon Landaburu hizkuntzalariak (Paris, 1943) hala ikusten du euskararen etorkizuna. Kalitateari begira, gakoa erabiltzaileengan dagoela iritzi dio.
Datozen hamarraldietan munduko hizkuntzen erdiak desager daitezke.
Oso kalkulu konplexuak dira... Kolonbian bertan, oso errealitate askotarikoa dago; sorterriko 68 hizkuntza daude: 65 indigena, bi afroamerikar —kreoleenak— eta ijitoen bat. Diagnostikoa askotarikoa da: batzuk hiltzear daude, talde txiki batzuek hitz egiten dituztelako, zaharrek... Beste batzuk indartsu daude, eremu bateko herritarren %85ek erabiltzeraino. Batzuetan, hirietan pertzepzio faltsu bat daukagu, eta katastrofismoa gustuko dugu. Baina hizkuntzen arloan ez dago ezer seguru.
Mundu globalizatua prest al dago milaka hizkuntzari eusteko?
Uste dut hizkuntza bereizkuntza gizakien baitan dagoela. Komunikazioa sortzen dugunean, inguruari lotutako zehaztasunak garatuz joaten gara, eta bakoitza bere ingurunera egokituz eboluzionatu dute hizkuntzek. Azken mendeetan, kontrako prozesuan gaude, hizkuntzak elkar aurkitzen ari direlako. Baina oraindik ere, Indian, Amazonian eta New Yorken bizi diren indigenek esateko edukiko dutena oso bestelakoa izango da, ingelesa haien hizkuntzan sartu arren. Uste dut ingelesari latinari bezala gertatuko zaiola: zatitu egingo da, eta hizkuntza berriak sortuko dira.
Zeren arabera iraungo dute hizkuntzek?
Misterio bat da. Erromatarren Inperioaren amaieran, zergatik aldatu zen Biarno eta Paueko jendea latinera, eta Zuberoakoek aurreko hizkuntza bat hautatu zuten? Kolonbiako 68 hizkuntzetatik 32k dauzkate 1.000 hiztun baino gutxiago; batzuk ondo transmititzen dira, eta beste batzuk ez, eta ez dakigu zergatik.
Kolonbiako hizkuntza indigenak erabat lotuta daude beren bizimoduarekin eta kulturarekin. Zer gertatzen da Europan, edo Euskal Herrian, lotura hori galdu den lekuetan?
Mendebaldeko Europan, XVI. mendean estatu nazioak sortzen hasi zirenean, elebakartasunaren alde egin zuten: botere tresna gisa ulertzen zuten hizkuntza. Guk identifikatu dugu hizkuntza identitatearekin, baina Kolonbiako hainbat indigenarentzat bidea baino ez da; beren hizkuntza maite dute, hedatu nahi dute... baina ez dituzte ulertzen gure kezkak. Gu hainbeste kezkatzen gaituzten formak baino garrantzitsuagoa da haientzat forma horiek sortzeko bidea ematen duen bizitza. Hemen, neurri batean, euskaldun baten kultura bretoi edo galiziar batenaren antzekoa da; han, sekulako aldeak dauden indigenen artean, beraz, esaten dutena ere desberdina da. Hemen, zer esaten dugun baino garrantzitsuagoa da nola esaten dugun.
Ez da soilik hiztegi kontua; pentsamolde kontua ere bada, denborari, espaziori eta gizakiari buruzko ikusmolde desberdinak dituztelako. Europako hizkuntzak desberdinak dira, baina oinarri antropologikoa bera da, nolabait. Horregatik dira hemen hain garrantzitsuak hizkuntzak; herriak bereizteko elementuak dira. Han, bizipenak du garrantzia.
Orduan, euskarak ezer ikas dezake 200 hiztun dituen hizkuntza indigena bat iraunarazteko borrokatik?
Baietz uste dut. Aniztasunean jarri behar dugu arreta, eta adierazmolde berrien sorreran. Arazo linguistikoa arazo politiko-administratibo gisa ikusi dugu ia-ia, autonomia definitzeko eta gero eta hiztun gehiago lortzeko helburuarekin, baina edukian interesatu gabe. Hizkuntza bizitza da, ez katalogo bat, ez hiztegi bat, ez ikasi beharreko gramatika... Esparru sozial edo politiko homogeneo bat sortzetik haratago doaz.
Kolonbiako indigenak elebakarrak dira, ala hizkuntza batean baino gehiagoan mintzatzen dira?
Leku batzuetako ia herritar guztiek lauzpabost hizkuntza indigena hitz egiten dituzte.
Hori berez da lezio bat..
Eta askok gaztelaniaz eta portugesez ere hitz egiten dute, eta ingelesa ikasten dute eskolan. Hori da lezioa. Haientzat hor gatazkarik egongo balitz, denek hizkuntza bera erabiliko lukete. Gizakiak, ingurua ulertzeko, hizkuntza bat baino gehiago eduki behar du. Estatu elebakarren fantasia europarrak jan digu burua. Hizkuntza aniztasuna oso aberasgarria da.
Euskarari buruzko azken azterketek agerian utzi dute hiztun kopuruak gora egin duela, baina erabilera trabatuta geratu dela.
Agian proiektu politiko-administratibo honen mugara iristen ari gara, eta euskararen zoria sormenerako eta kale erabilerarako gaitasunak definituko du.
Hiztun kopuruan baino gehiago, kalitatean jarri behar litzateke arreta?
Bietan. Baina uste dut kalitatearen esparruan ezin dela politika askorik egin.
Euskararen atxikimenduaren alde emozionala landu behar da, ala pragmatismoa eskatu behar zaio?
Sustraia afektiboa da: umetan mundua hizkuntza baten bidez izendatzen ikastea erabakigarria da. Gero, hori garatu behar da: instituzioek ere afektibitate hori landu dezakete, eta ondoren etorriko da pragmatismoa. Halere, agian ez dira hizkuntzaren esparru guztiak garatu behar: ez zait beharrezkoa iruditzen fisika nuklearrari buruzko tesiak euskaraz egitea, frantsesek ere ez dituztelako frantsesez egiten, ingelesez baizik.
Jon Landaburu. Hizkuntzalaria
«Gizakiak, ingurua ulertu ahal izateko, hizkuntza bat baino gehiago behar du»
Euskal Herriko Unibertsitateko Hizkuntza Ondarearen Unesco Katedrak omenaldia egingo dio gaur Jon Landaburu hizkuntzalariari. Hizkuntz aniztasunari ematen dio garrantzia Landaburuk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu