Gizarte gaiekin lotutako kexek gora egin dute EAEn

Iñigo Lamarca arartekoak 2012ko jarduerari buruzko txostena aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean

Bakartxo Tejeria eta Iñigo Lamarca, atzo, Gasteizen. RAUL BOGAJO / ARP.
Erredakzioa
Gasteiz
2013ko martxoaren 27a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
«Gizarte bazterketaren kontra borrokatzeko tresnekin zerikusia duten kexek izugarri egin dute gora». Horixe nabarmendu du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ararteko Iñigo Lamarcak. 2012ko jarduerari buruzko txostena helarazi zion atzo Eusko Legebiltzarreko buru Bakartxo Tejeriari, eta txosten horretan jasotako datuek hori erakusten dute: 2010ean gizarte bazterketaren kontrako tresnekin lotutako 32 kexa aurkeztu zituzten; 329 izan ziren 2011n; eta mila baino gehiago, berriz, iaz. Kexa horietako gehienek Lanbiderekin dute zer ikustekorik; zehazkiago erranda, enplegu zerbitzu horren funtzionamenduaren aurkako kexak dira. Lamarcak azaldu du Lanbidek, esaterako, «huts ugari» egin dituela herritarrei etxebizitzari buruzko sariak edo diru sarrerak bermatzeko errenta kudeatu dizkienean.

2012. urtean 3.000 kexa berri jaso zituen Arartekoaren bulegoak. Kexa horien %56 gizarte eskubideekin lotutakoak izan ziren. Hezkuntzaren, osasunaren eta etxebizitzaren arloko kexak izan dira, nagusiki. Kexa horiek guztiak aztertu eta gero, haietako %55etan hutsen bat bazela ondorioztatu du arartekoak. Lamarcak erantsi du kasu gehienetan (ia %86) kexa hori eragin duen administrazioak bere jarduera zuzendu eta aldatu egin duela.

Gizarte gaiekin lotutako auziez gain, bertze hainbat jorratu zituen Arartekoak 2012. urtean. Lamarcak, adibidez, Ertzaintzaren jarduerari egin dio so, Iñigo Cabacasen eta Xuban Nafarrateren auzietan. Hainbat gizarte erakunderekin eta administraziorekin egin dituen bilerak ere aipatu ditu, bai eta bere bulegoak egindako gomendioak eta azterlan monografikoak ere.

Gomendioen esparruan, istripuetako biktimen familiei informazioa ahalik eta lasterren ematea bermatzeko eskatu du arartekoak. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak, Osakidetzak eta udaltzaingoek koordinazio tresnak martxan jarri beharko lituzketela nabarmendu du Lamarcak.

Azterlan monografikoen artean, berriz, krisi garaiko politika publikoen ingurukoa, buruko osasunari buruzkoa eta krisiak haurrengan duen eragina aztertzeko egindakoak nabarmendu ditu Arartekoaren bulegoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.