Herrialde Katalanetan sortu zen duela urtebete inguru Som Energia kooperatiba, eta Energia Gara izenarekin ailegatu zen, ia aldi berean, Euskal Herrira. Nafarroan, 80 bazkide inguru ditu jada. Energia berdearen alde egiten dute apustu kooperatibako kideek, eta, batez ere, egungo kontsumoari aurre eginen dion eredu aldaketaren alde. Horretan ari da Javier Zardoia (Iruñea, 1982), Energia Gara-ko kidea.
Zer moduz jardunaldiak?
Ongi. Mugarik Gabe eta Nafarroako Mugarik Gabeko Ingeniaritza elkarteekin batera antolatu ditugu. Egungo energia ereduak batzen gaitu denak. Jardunaldiekin jendeari informazioa eman nahi genion, egungo egoeraren berri eman, eta alternatibak aurkeztu. Helburu hori bete dugula uste dugu, jende nahikoa etorri delako. Bertze helburu bat zen gisako lana egiten duten bertze taldeekin harremana lantzea, eta hori ere bete dugu. Castejongo zentral termikoen aurka lanean ari den jendearekin elkartu baikara, haustura hidraulikoaren kontrakoarekin, abiadura handiko trenaren aurkakoarekin, eta abar. Harreman horrek fruituak emanen dituela espero dugu.
Egungo energia ereduaren berri eman nahi izan duzue. Zeintzuk dira aldatu beharreko gakoak?
Lehenik eta behin, azpimarratu behar da egungo ereduak kontsumoa duela ardatz. Gure egunerokoak, gure gizarte ereduak, sekulako energia kontsumoa du ardatz. Kontuan izan behar dugu ezin dugula bide horretatik aurrera jarraitu. Mugarik gabekoa zela pentsatu dugu, baina errealitatea bertzelakoa da. Gero eta gehiago ari gara kontsumitzen, eta kontsumitzen dugun energia horren %80k erregai fosilak ditu oinarri. Aldatu beharra dago.
Nola?
Kontsumoa murriztu behar dugu, lehenik eta behin. Eta, horrekin batera, energia fosilen eredua bazter utzi, eta energia berriztagarrien aldeko apustua egin behar dugu.
Oraindik egin dituzuen jardunaldien gisakoak behar dira jendea aldaketa behar horretaz ohartarazteko?
Gero eta jende gehiago konturatzen da aldaketa horren beharraz, baina tamalez, aldaketa behar hori, batez ere, energiaren prezioa igotzen denean ikusten dugu. Bertzelako ondorioez ez gara hainbertze jabetzen. Orain ere, krisi garai honetan, konturatzen gara kontsumoak gora egin duela. Jendeari gertatzen ari denaren berri emateko beharra dago, beraz.
Aldatzeko urratsa egin duzue zuek, Energia Gara kooperatibaren eskutik. Zein da helburu nagusia?
Helburu nagusia da kooperatiba gizartea mugitzeko oinarri bilakatzea, energia eredua aldatzea lortzeko. Energia aurreztea da kontua, eta, horrekin batera, kontsumitzen dena berriztagarria izatea. Kooperatibaren apustua da bere bazkideak prestatzea, energia ereduari buruzko informazioa jaso dezatela, ikus dezatela egoera, behar den aldaketa eragiteko. Aldi berean, energia berriztagarriekin lotutako proiektuak bultzatuz eta energia aurrezteko bideak sustatuz, aldaketa hori gauzatu egiten dugu bakoitzak bere etxean.
Nola lan egiten duzue?
Kooperatiba Gironan sortu zen, eta jada 2.300 bazkidetik goiti gara. Nafarroan, 80 inguru. Boluntario gisa aritzen gara. Kooperatibak hiru lan ildo ditu: energia berriztagarria saltzea, proiektuak bultzatzea eta bazkideak prestatzea. Hiru esparru horietan ari gara. Energia merkaturatzeko lanari dagokionez, bazkideak lortzea da asmoa. Aztertzen ari gara, halaber, energia berriztagarriekin lotutako proiektuak, horiek bultzatu ahal izateko. Eta prestakuntzaren esparruan kokatzen dira, adibidez, orain egin ditugun jardunaldiak. Elektrizitatearen sistema iluna da, eta argitzen saiatu nahi dugu.
Sistema horretan, zer toki betetzen du Energia Gara-k?
Sistema elektrikoak hainbat etapa ditu: energia sortzeko etapa da bat; bertzetik dago garraioa. Espainiako Sare Elektrikoak kudeatzen ditu horiek. Banaketari dagokiona da hirugarren etapa. Eta laugarrena, berriz, merkaturatzea. Gu etapa horietako bitan gaude. Batetik, energia merkaturatzen dugu. Eta, bertzetik, sortu egiten dugu. Martxan dugu jada energia berriztagarrien lehen proiektua.
Horrek erran nahi du zuek merkaturatzen duzuen energia berdea dela?
Ez. Modu batera edo bertzera sortutako energiak bat egiten du sistema berean, sare berean. Fruta erostera joaten zarenean, ekologikoa eros dezakezu. Baina etxean sartzen den elektrizitatea ezin dugu jakin nondik datorren.
Orduan, zerk bilakatzen du ezberdin zuen proiektua?
Nik ezin dut erran zure etxean sartzen den energia guztia berdea denik, baina erraten ahal dizut, ordea, nik saltzen dudan energia guztia, aurretik, sarean energia berriztagarri gisa sartu dudala. Hau da, zuk gaur hamar kilowatt-ordu gastatzen baduzu, atzo energia berriztagarri kopuru bera sartu nuen sarean. Energiaren jatorria ziurtatzeko agiriak badira.
Nola egiten duzue hori?
Bazkide bakoitzak 100 euroko kopurua ordaindu behar du hasieran, eta kooperatiba uzten badu, bueltan jasotzen du. Gaur egun, sarean kontsumitzen den baino energia berriztagarri gehiago sartzen da. Beraz, bakarrik energia berdea merkaturatuz eta energiaren jatorriari buruzko ziurtagiriak eskatuz ez dugu lortuko eredua aldatzea. Bertze zerbait egin behar dugu. Kontua da sistemakderrigorrez hartu behar duela ekoizten den energia berriztagarria. Beraz, gero eta proiektu gehiago bultzatzen badugu, berriztagarri ez direnei gero eta toki gehiago kenduko diegu.
Nola bultatzen dituzue proiektu berriztagarri horiek?
Kooperatibak energia berriztagarrien esparruko proiektuetan inbertitzeko aukera ematen die bazkideei. Gutxieneko eta gehienezko kopuruak zehazten dira, eta inbertitu nahi ez duenak ere ez du zertan egin. Inbertitzeko, ordea, bazkide izan behar da. Bazkideen asmoen arabera, 1,5 milioi euro inguru dugu, energia berriztagarriko proiektuetan sartzeko. Noski, proiektuek hainbat baldintza bete behar dituzte, kontua ez da edozein ekinaldi bultzatzea. Iraunkorra behar du izan, gizartean oposiziorik sortzen ez duena...
Hurbilekoari so egitea ere garrantzitsutzat jotzen duzue?
Bai, kontua da proiektuak kontsumitzaileengandik ahalik eta hurbilen egotea. Egungo ereduan, energia sortzeko guneak kontsumoko eremuetatik urrun dira. Bidean energia anitz galtzen da, %20-30 inguru. Tokian tokiko enplegua sustatzea ere bada gure asmoa, eta ahal bada, noski, gurearen gisako kooperatiben bitartez.
Nafarroako bazkideek Nafarroako proiektuak bultzatzea da asmoa, beraz?
Hori da, bai. Nafarroan proiektuak bilatuko ditugu. Gero eta talde gehiago osatzen ari dira kooperatiban, eta horrek erakusten du jendeak bertzelako alternatibak jorratzeko gogoa duela.
Javier Zardoia. Energia Gara kooperatibako kidea
«Gizartea mugitzeko oinarri izan nahi dugu, energia eredua aldatzea lortzeko»
Kontsumoa murriztu, eta energia berriztagarria bultzatu. Hori da Energia Gara kooperatibaren lana. Iruñean jardunaldiak antolatu berri dituzte, bertze hainbat talderekin batera, aldaketa beharra zabaltzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu