EHUko irakaslea, Gladys sariaren irabazlea

Usue Mori Carrascal: «Gizarteak ikasi behar du adimen artifiziala erabiltzen»

Adimen artifiziala eta ikuspegi soziala uztartzen ditu Usue Mori Carrascalek, eta, besteak beste, horregatik eman diote Gladys saria. Herritarrak prestatu egin behar direla ohartarazi du.

Usue Mori Carrascal. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Usue Mori Carrascal. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
jakes goikoetxea
2025eko irailaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gladys saria jasoko du bihar, eta sariak hankaz gora jarri dio eguneroko martxa. Komunikabideek elkarrizketatu nahi dutelako batez ere. Ez dago horretan lagunduko dion adimen artifizialik edo algoritmorik. Usue Mori Carrascal da (Donostia, 1987), EHUko Informatika Fakultateko irakaslea, Konputazio Zientziak eta Adimen Artifiziala Sailean. Adimen Artifizialeko graduaren koordinatzailea ere bada. Matematikan lizentziatua da eta ingeniaritza informatikoan doktore. 

Amaia Abandak, Gladys sariaren 2023ko irabazleak, aipatu zuen bere buruari galdetzen ziola ea zer egin zuen saria jasotzeko. Zeuk ere hori galdetzen diozu zeure buruari?

Pixka bat inpostore sentitzen naiz. Ez gaude ohituta errekonozimendua jasotzera.

Olatz Perez de Viñasprek, 2022ko irabazleak, berriz, pentsatzen zuen saria ardura handia dela, emakume informatikari erreferente gisa jartzen zuelako. 

Bai, inpresioa duzu ardura dela.

EHUko Intelligent Systems Group ikerketa taldeko kidea zara. Zer ikertzen duzue?

Jose Antonio Lozanoren ikerketa taldea da. Hiru ikerketa arlo nagusi ditugu: optimizaziora bideratutakoa, hau da, arazo bati konponbide onena bilatzera bideratua; datuen analisia eta ikasketa automatikoa; eta high performance computing [goi errendimenduko konputazioa]. Ikasketa automatikoan aritzen naiz ni.

Zertan zehazki?

Denboran zehar jasotako datuekin lan egiten dut batez ere. Berez, ikasketa automatikoaren helburua da datu sorta handietatik informazio erabilgarria ateratzea. Algoritmo batzuk aplikatzen dira datuetatik patroiak ateratzeko. Nik lan egiten dut datu mota espezifiko batzuekin: denbora serieak, denboran zehar jasotzen diren datuak. Nire lan gehiena horixe izaten da, horrelako datuetatik patroiak ateratzea. Nola atzeman irregulartasunak, nola egin iragarpenak...

Zuri saria emateko merituen artean aipatu dute adimen artifiziala gizartearen onurarako erabiltzea lehenetsi duzula.

Urte asko daramatzat oinarrizko ikerketa egiten, eta izugarri gustatzen zait. Baina egia da momentu batean beste zerbait egiteko beharra sentitu nuela, gizartearekin lotuagoa. Ikusi nuen nire inguruan jende asko zegoela antzera, ikerketa eta publikazio sistemarekin pixka bat nekatuta, eta beste fakultate batzuetatik esaten ziguten ez zekitela zer egin adimen artifizialarekin. Gauza ezberdinek bat egin zuten, ikerketa talde ezberdinetako kideak bildu ginen eta proiektu berri bat sortu genuen: Ondare.

Zertarako?

Hiru helburu nagusi definitu genituen: gizarteari onurak ekarriko dizkioten adimen artifizialaren aplikazioak bilatzea; adimen artifizialari buruzko formakuntza eskaintzea eta adimen artifiziala gizarteratzea; eta elkarlana eta adimen artifizialari buruzko gogoeta bultzatzea.

Zertarako erabili duzue adimen artifiziala?

Denbora gutxi daramagu horretan. Hasi gara harremanak izaten medikuntzako jendearekin, erizaintzakoarekin, hezkuntzakoarekin... Lan dezente egin dugu Gipuzkoako Foru Aldundiko gizarte politikekin, esaterako, zahar etxeetako itxaron zerrendak aztertzen. Orain hasi gara anestesiari buruz lanean.

Adimen artifizialak ikuspegi soziala falta du?

Bai. Denoi iristen zaigun adimen artifiziala enpresa teknologiko handiek sortzen dute, eta ez dute ikuspegi sozial hori, ez da haien helburua. Adimen artifizial asko dago ikuspegi soziala duena, baina hori ez da ikusten. Guk hori ere nahi genuen, ez ikustea ChatGPT bakarrik.

Badirudi dena dela adimen artifiziala. Olatuak azpian harrapatu gaitu?

Pixka bat bai. Boladan dago, eta adimen artifizial sortzailearekin leku guztietara zabaldu da. Guri ere gertatzen zaigu: ezin dugu irakurri adimen artifizialaren inguruan argitaratzen den guztia. Oso teknologia indartsua da, eta gauza askotarako balio du, baina ez da gauza guztietarako konponbide bakarra.

Kontroletik kanpo dago?

Leku guztietan txertatu da. Jende askok erabiltzen du jakin gabe zer egiten ari den, datu garrantzitsuak ematen, adimen artifizialak ematen dion erantzuna aztertu gabe, ikuspegi kritikorik gabe... Ez dakit oraindik kontroletik kanpo dagoen, baina ez badugu lantzen, ez baditugu herritarrak prestatzen eta ez badugu erabiltzen ikasten, nahiko koktel txarra izan daiteke. Gizarteak ikasi behar du adimen artifiziala erabiltzen.

Gizartearen zati handi batentzat adimen artifiziala ChatGPT da.

Jende guztiari hori iristen zaio, baina adimen artifizialaren mundu erraldoi bat dago hortik kanpo. Pixka bat ezkutatuta daude, edo ez dira hain argi ikusten eta identifikatzen. Aplikazio pila bat daude jende guztiarengana iristen ez direnak: ospitaleetan, enpresetan... baina hori ez da hain ikusgarria.

Alborapenak dira adimen artifizialaren arazoetako bat. Badaude horri aurre egiteko borondatea eta ekimenak?

Bai, garrantzia du. Nola ebaluatu ereduak justuak diren edo ez ikusteko, nola entrenatu ereduak justuago izateko. Baina zailtasun tekniko handiak dauzka. Izan ere, zer da justua izatea? Ez da berdina denontzat. Metrika ezberdinak daude, eta metrika bakoitzak gauza bat neurtzen du, justua izatearen kontzepzio jakin bat du. Akademian, arlo zabal eta garrantzitsu bat ari da horretan, alborapenak atzemateko eta saihesteko.

Emakume gutxi daude ikasketa zientifikoetan eta teknikoetan. Zenbat dituzu zure eskoletan?

Bi gradu ditugu: informatikan eta ingeniaritzan portzentajea oso txikia da, ez dakit %20ra iristen den; adimen artifizialean, berriz, proportzioa handiagoa da, baina ez da iristen erdira. Uste dut, gainera, behera egiten ari dela.

Zer egin daiteke?

Ez dakit. Saiatu gara komunitatea sortzen nesken artean, saiatzen ari gara lantzen. Ez dakit guk zerbait egiteak zenbateko eragina duen. Ikasleak joaten dira eskoletara tailerrak egitera eta erreferenteak sortzen saiatzen gara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.