Udaltzainek 48 urteko gizonezko bat atxilotu zuten herenegun Bilbon, ezintasun psikikoa duen emakume bati sexu ukituak egitea egotzita. Udaltzaingoak emandako datuen arabera, goizeko hamaiketan izan zen erasoa, Guardia Zibilaren plazako autobus geltokian. Antza, gizona emakumearen gainera joan, eta sexu ukituak egin zizkion. Autobusa zetorrela ikustean, ustezko erasotzaileak ihes egin zuen, baina handik gutxira atxilotu zuten.
Beste gizonezko bat ere atzeman zuten herenegun Bilboko udaltzainek, ustez bikotekide ohi bati jazarri eta besoan kosk egiteagatik. Atxilotuak 33 urte ditu, eta hiru urte lehenago harremana izan zuen biktimarekin.
Donostiako Udaltzaingoa, berriz, larunbatean emakume batek ustez jasandako sexu erasoa ikertzen ari da. Emakumeak berak jarri zuen salaketa. Udaltzainei azaldu zienez, larunbatean bertan ezagutu zuen ustezko erasotzailea, Norteko geltokian. Elkarrekin afaltzera joan, eta Teresa Kalkutakoa plazatik igarotzen ari zirela, gizonezkoa emakumeari lapurreta egiten saiatu zen ustez. Emakumea hori saihesten ahalegindu zen, baina gizonak jo eta lurrera bota zuen. Lurrean zegoela, sexu ukituak egin omen zizkion. Ainhoa Beola Donostiako Berdintasun zinegotziak gogor salatu du gertaera. Halaber, halako erasoak jasanez gero berehala salatzeko eskatu du. «Ez, ez da. Eta argi geratu behar da ez dagoela arrazoirik halako erasoei garrantzia kentzeko».
Gasteizen, bestalde, 30 urteko gizon bat atzeman zuten larunbatean, ustez bikotekide ohia jotzeagatik. Biktimak 25 urte ditu, etaberak deitu zien udaltzainei, erasoaren berri emateko. Gasteizko Udaltzaingoak emandako datuen arabera, 17:15 inguruan izan zen erasoa. Ustez, bikotekide ohiak emakumea astindu eta jo egin zuen. Antza ez zen jotzen zuen lehen aldia. Biktimaren senide baten etxean zeuden erasoa gertatu zenean. Han bertan atxilotu zuten gizona.
Emakume bati makila batekin eraso egitea egotzita, berriz, 43 urteko gizonezko bat atxilotu zuten larunbatean bertan Gasteizen. Lagun bati labana batekin mehatxu egitea ere leporatzen diote. Urbasa Mendiaren kalean izan ziren bi erasoak. Ustezko erasotzailea ihes egiten saiatu zen, baina udaltzainek atxilotu egin zuten. Atxilotu zuten unean, ustez, erasoak egiteko erabili zituen makila eta labana zeramatzan eskuetan.
Gizon bat atxilo, ezindu bati sexu ukituak egitea egotzita
Herenegun izan zen erasoa, Bilboko Guardia Zibilaren plazan, eta ustezko erasotzailea ihes egiten saiatu zen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu