Angeluko (Lapurdi) Xiberta oihanak su hartu zuen iragan astean: 165 hektarea kiskali eta hainbat etxebizitza hondatu zituen. Pirinio Atlantikoetako Departamenduak eta Angeluko Herriko Etxeak sutearen inguruko salaketa bat aurkeztu zuten berehala. Lehen frogen arabera, ez zuen jatorri «naturala» izan suteak. Asteburuan bildutako frogek adierazi dute sutea norbaitek eragin duela; oraindik frogatzeko dago istripu baten ondorioz edo nahita piztu zen. Jerome Bourrier Baionako prokuradoreak hartu du inkestaren gaineko ardura. Goizean, Baionako Auzitegiak jakinarazi du gizon bat atxiloaldian dagoela Baionan, sutearekin lotura duelakoan. Bourrierek prentsaurreko bat eginen du arratsaldean, «elementu berrien jakinarazteko».