60 bat urteko gizon bat atxilotu du aste honetan Frantziako Poliziak bilobei sexu erasoak egin dizkielakoan. Atzo pasatu zen epailearen aitzinetik, Baionako Auzitegian, eta, atxiloaldiaren ondotik, behin-behinean kartzelatzea agindu zuen epaileak. Izan ere, gizon horren biloba batek baino gehiagok —ez dute zehaztu zenbat diren— salaketa jarri dute haren kontra.
Sexu erasoak pairatu zituztelarik denak adingabeak zirela esan dute, eta, orain, helduak direnez, prozedura ireki dute. Hamar urteko epean sexu erasoak jasan dituztela salatu dute, horietako batzuk «berriki».
Heldu den astean askatasunen eta atxiloketen epailearen aitzinean pasatuko da berriz: hark erabakiko du behin-behineko kartzelaldia luzatu ala ez, auzia etorri bitarte.