Emazte bat bortxatzea egotzita, 42 urteko gizon bat atxilotu zuten Baionan, atzo. Behin-behineko atxiloaldian dute geroztik, akusaziopean, Baionako auzitegiak ikerketa bideratzen duen artean.
Joan den asteazkenean iragan ziren gertakariak, Sud Ouest egunkariak agertu duenez: 36 urteko emazte bat Baionako ostatu batean zela, gizon bat hurbildu zitzaion trago baten eskaintzera. Horren ondotik, etxera gibel laguntzea proposatu zion emazteari: proposamena onartu omen zuen, baina gizona ez zen emaztearen etxe aitzinean gelditu eta, adostutakoaren ordez, bere etxera arte segitu zuen bidea. Gizonak emaztearenganako jestuak izan zituen, baina uko egin zien, eta orduan gertatu zen bortxaketa.
Biktima egunean berean joan zen komisariara salaketa ezartzera, eta ospitaleko mediku bat ikusteko aukera ukan zuen.
Gizona atxilotu ondotik, magistratu baten aitzinera bidali zuten: akusaziopean jarri zuen, eta behin-behineko atxiloaldian sartu. Zabaldu diren informazioen arabera, gizona onespenaren definitzeko ezintasunean gertatu da ikertzaileen aitzinean; deklarazioan erran du emazte baten «eza» ez dela uko bat ezinbestez.

