emakumeen aurkako indarkeria

Gizon bat atxilotu dute Barakaldon, emakume bat etxean zortzi hilabetez atxiki duelakoan

Ertzaintzak dio sexu harremanak izatera behartzen zuela eta jo ere egin izan zuela.

2010eko ekainaren 10a
17:17
Entzun
Ertzaintzak 47 urteko gizonezko bat atxilotu zuen asteartean gauean Barakaldon, etxean zortzi hilabetean emakumezko bat atxikita eduki duelakoan. Ertzaintzaren arabera, gainera, sexu harremanak izatera behartzen zuen eta jo ere egin izan zuen.

Gizonezkoaren 18 urteko semea eta 59 urteko lagun bat inputatu egin dituzte, gertaeraren berri izan arren horren aurka ezer egin ez zutela egotzita.

Biktimak jakinarazi du duela zortzi hilabete etxeko lanak egiteko kontratatu zuela gizonezkoak. Emakumezkoa orduan Valentzian (Herrialde Katalanak) bizi zen eta hango enpresa baten bidez egin zuten kontratua. Hilabete hauetan guztietan Barakaldoko etxe batean egon da emakumezkoa, honek salatu duenez, lanagatik soldatarik jaso gabe, bere borondatearen aurka sexu harremanak izanik eta erasoak eta irainak jasoz. Hamar kilo galdu ditu.



Etxean bakarrik zegoenean, gizonezkoak atea berak soilik zeukan giltzarekin ixten zuen, Ertzaintzak gaur esan duenez. Biktima astean behin pare bat orduz ateratzen zen kalera, baina betiere gizonezkoak edo honen semeak edo lagun hark lagunduta. Hala ere, behin larrialdi zerbitzuetara deitzerik izan zuen, eta Ertzaintza ondoren joan zen etxe hartara.

Barakaldoko Udalaren Berdintasunaren Batzordea egin da emakumezkoaren kargu. Afrikarra da hau jatorriz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.