Atzo goizeko zortzietan, Ertzaintzak abisu bat jaso zuen Bilbon, Erdikoetxe kaleko etxebizitza batean istiluak entzuten zirela ohartarazita. Bertara joan, eta gizonezko batek ireki zien atea; hark esan zien eztabaidan aritu zela bikotekidearekin, baina emakumeak poliziei esan zien gizonak jo egin zuela. Kopetan kolpe bat zuen andreak.
46 urte ditu gizonak, eta atxilo eraman zuten.
Atzo 14:45 aldera, berriz, Arangizen (Araba) abisu bat jaso zuen Ertzaintzak, ohartarazita gizonezko batek andre bati eraso egin ziola eta ondoren biak auto batean joan zirela. Ordu erdi geroago atzeman zuen autoa Ertzaintzak, A-2622 errepidean.
Gizon-emakumeak zeuden auto barruan, eta andreak baieztatu zien poliziei gizonak jo egin zuela eta autotik botatzen saiatu zela. 28 urte ditu atxilotuak.