Gizon bat atxilotu dute Bilbon, sexu eraso bat egitea egotzita

Etxebizitza batean izan zen erasoa ostiralean, eta Poliziak han atzeman zuen gizonezkoa. Bestetik, Orbaizetako Udalak adierazpen instituzionala onartu du, jaietan hainbat adingaberen aurka izandako indarkeria matxista salatzeko.

Sexu eraso bat salatzeko elkarretaratze bat, artxiboko irudi batean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Sexu eraso bat salatzeko elkarretaratze bat, artxiboko irudi batean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
edurne begiristain
2025eko uztailaren 2a
12:45
Entzun 00:00:0000:00:00

Emakumezko bati sexu eraso bat egitea leporatuta, Ertzaintzak gizonezko bat atxilotu zuen pasa den ostiralean, Bilbon. Biktimak aurkeztutako salaketaren arabera, erasoa ekainaren 27an izan zen, La Cruz auzoko etxebizitza batean. Udaltzaingoak dei bat jaso zuen goizeko bost eta erdiak aldera, etxe batean sexu eraso bat izan zela ohartarazteko.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, poliziak bertaratu eta biktimarekin hitz egin zuten, eta hark gertatutakoaren berri eman zien. Halaber, zenbait lekukori deklarazioa hartu zieten, eta haiek haren bertsioa berretsi zuten. Ustezko erasotzailea etxean zegoenez, udaltzainek atxilotuta eraman zuten Ertzaintzaren polizia etxera. Biktima, berriz, ospitalera eraman zuten.

Gipuzkoan, bertako auzitegiak bi urteko kartzela zigorra ezarri dio gizon bati, arrebari sexu eraso bat egiteagatik. Gizonak delitua onartu du, eta zigorrari buruzko akordioa lortu dute defentsak, akusazio partikularrak eta fiskaltzak. Epaileak bertan behera utzi dio zigorra, baldintza batekin: datozen bi urteetan deliturik ez egitea. Gizonak ezingo du arrebarengana hurbildu eta zaintzapean egon beharko du bost urtean. 

Orbaizetako Udalaren salaketa

Orbaizetako Udalak (Nafarroa) adierazpen instituzionala onartu du gaur, gizonezko batek herriko jaietan ustez hainbat adingaberi egindako sexu erasoa salatzeko. Udalak oharrean salatu duenez, gizonezkoak adin txikiko hainbat neska barraketara eraman zituen, eta «tratu desegokia eman zien, mototsetik heldu eta musuen truke objektuak edo onurak eskainita».

Udalarentzat jokabide horiek «sexu indarkeria eta haurtzaroarekiko abusua» dira, bai eta «egiturazko indarkeria matxistaren» beste adierazpen bat ere. «Indarkeria hori botere abusuaren bidez adierazten da, nesken eta emakumeen gorputzak gauza bilakatuta, eta nesken duintasuna eta eskubideak larriki urratzen dituzten jokabideak naturalizatuta», esan du udalak adierazpenean.

Udalak ezinbestekotzat jo du jokabide horiek ikusaraztea, ezin direlako «gutxietsi, isilarazi edo normalizatu», batez ere adingabeei eragiten dietenean. Babesa eta elkartasuna adierazi die biktimei eta haien inguru hurbilari, eta haien esku jarri ditu gizarte zerbitzuetako baliabide oro. Jai eta espazio komunitario «seguruak, errespetuzkoak eta berdintasunezkoak» eskatu ditu, eta konpromiso argia hartu indarkeria matxista mota guztiak desagerrarazteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.