Bi gizon atxilotu ditu Poliziak asteburuan, indarkeria matxista egotzita: bata Donostian eta bestea Gasteizen. Larunbat arratsaldean izan zen lehenengo atxiloketa: 42 urteko gizon bat atxilotu zuen Gasteizko Udaltzaingoak, bikotekideari eraso egitea egotzita. Emakumeak azaldu zuen tratu txarrak ohikoak zirela. Herritar batek deitu zien udaltzainei, eta esan gizon batek emakume bat jo zuela eztabaidatzen ari zirela. Udaltzainek ikusi zuten emakumeak zauriak zituela aurpegian eta esku batean.
Bestalde, Ertzaintzak 32 urteko gizon bat atxilotu zuen igande goizaldean Donostian, bikotekideari sexu erasoa egitea egotzita. Horrez gain, agintaritzaren aurkako atentatuaren delitua leporatu diote gizonari, bi ertzain jo zituela eta.
Lekuko batek 112 zenbakira deitu zuen 04:30ean, ikusi baitzuen gizon batek emakume bat jo zuela Bidebieta auzoan. Ertzainak iritsi zirenean, gizonak paretaren kontra zuen emakumea, ihes egin ezinik. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, atxilotuak ertzainak «iraindu eta mehatxatu» zituen, eta haien aurka «oldartu» zen.
Erasoaren ostean, biktima osasun zentro batera eraman zuten, eta bi ertzainak, berriz, mutualitate batera. Gizona polizia etxera eraman zuten, eta epaileen esku geratuko da.