Gizon bat atxilotu dute Galdakaon, sexu askatasunaren kontrako delitu bat egitea egotzita

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak adierazi du emakume batek salaketa jarri zuela larunbatean. Galdakaoko Udalak «irmo» gaitzetsi du sexu erasoa, eta mugimendu feministak biharko antolatutako bilkuran parte hartzera deitu.

Eraso sexisten kontrako elkarretaratze bat, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Eraso sexisten kontrako elkarretaratze bat, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
2025eko irailaren 3a
10:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gizon bat atxilotu zuten larunbatean Galdakaon (Bizkaia), sexu askatasunaren kontrako delitu bat egitea egotzita, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak erran duenez. 

Larunbatean bertan, emakume batek salaketa jarri zuen; egun berean atxilotu zuten gizona, eta igandean utzi zuten epailearen esku.

Galdakaoko Udalak adierazpen instituzional bat onartu du sexu erasoa «irmo» arbuiatzeko eta biktimari eta haren hurkoei babesa agertzeko. Talde politiko guztiek onetsi dute testua. Halakoetan ohi den bezala, udalak protokoloa aktibatu du biktimari eman beharreko arreta koordinatzeko asmoz.

Udalaren iritziz, gertatutakoa ez da «banakako jokabideen» ondorio; aitzitik, «sakon errotuta» dago emakumeen eta gizonen arteko desberdintasun harremanetan, eta agerian uzten du kolektibo feministarekin, gizarte eragileekin eta, oro har, herritarrekin batera lan egiten jarraitu behar dela berdintasunaren alde.

Horiek horrela, udalak konpromisoa hartu du aurrerantzean ere neurriak ezartzeko biktimek arreta «azkarra, koordinatua eta eraginkorra» izan dezaten, prebentzioa indartu dadin, eta indarkeria matxista amaitu dadin. Era berean, adierazi du bat egingo duela mugimendu feministak sexu erasoa salatzeko antolatutako ekitaldiekin, eta parte hartzeko deia egin die herritarrei. Hain justu, Galdakaoko mugimendu feministak eta emakume taldeek elkarretaratze batera deitu dute biharko, 20:00etan, Santi Brouard plazan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.