Gizon bat atxilotu dute Gasteizen bikotekide ohiari sexu erasoa egitea leporatuta

Emakumearengandik urruntzeko agindua zuen, eta aurrez ere salatu zuen mehatxuengatik eta agindua behin baino gehiagotan urratzeagatik.

Sexu eraso baten kontrako elkarretaratzea Gasteizen, artxiboko irudi batean. DAVID AGUILAR / EFE
Sexu eraso baten kontrako elkarretaratzea Gasteizen, artxiboko irudi batean. DAVID AGUILAR / EFE
jokin sagarzazu
2026ko maiatzaren 9a
10:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

28 urteko gizon bat espetxeratu dute bikotekide ohiari sexu erasoa egitea egotzita. Ertzaintzak ostegunean atxilotu zuen Gasteizen.

Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, gertakariak aurreko astean gertatu ziren: gizonak bikotekide ohia hartu zuen Arabako hiriburuan, eta autoz eraman zuen Agurainera (Araba), urruntzeko agindua indarrean zuen arren. Bidean, emakumeari telefonoa kendu zion, eta ausarkeriaz gidatu zuen, azeleraldi eta balaztada bortitzak eginez.

Poliziaren ikerketaren arabera, Aguraingo etxebizitza batean eduki zuen atxikita, borondatearen aurka, eta han egin zion sexu erasoa. Hurrengo egunean lortu zuen biktimak telefonoa berriz hartzea eta etxetik ihes egitea.

Emakumeak aurretik ere salaketak jarriak zituen gizonezkoaren kontra, heriotza mehatxuengatik, derrigortzeengatik eta urruntzeko agindua behin eta berriz urratzeagatik.

Gertatutakoaren berri izan ostean, Ertzaintzak ostegunean atxilotu zuen erasotzailea, Gasteizen. Genero indarkeriagatik aurrekari polizialak ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE