39 urteko gizonezko bat atxilotu du Gasteizko Udaltzaingoak gaur goizaldean, bikotekide ohiari mehatxu eta eraso egitea leporatuta. Udaltzainek jakinarazi dutenez, emakume batek gaueko zerbitzuan zegoen patruila bat geldiarazi du Landaberde eta Donostia kaleen arteko bidegurutzean, eta laguntza eskatu. Emakumeak azaldu duenez, bikotekide ohiak sakelako telefonoa lapurtu dio. Gizonezkoa atzeman, eta eskuko telefonoa aldean zuela ikusi dute poliziek.
Udaltzaingoak jakinarazi duenez, aurrez eztabaida bat izan dute taberna batean, gizonezkoak emakumea astindu du, eta lokaletik alde egitea eragotzi dio. Gero, gizonak Arriaga-Lakua auzora eraman du emakumea auto batean, han mehatxuka jarraitu, eta telefonoa kendu dio.
Udaltzainek gizonezkoa atxilotu dute, indarkeria matxista leporatuta.