Ertzaintzak 56 urteko gizon bat atxilotu du gaur gauerdi aldera, Barakaldon (Bizkaia). Getxon zortzi ibilgailuri su ematea egotzi diote.
Hain zuzen ere, abuztuan zenbait sute txiki izan dira Getxon, nahita piztutakoak. Abuztuaren 9an, 22:30ean, sua piztu zuten Getxoko Algorta auzoko Telletxe kaleko auto baten aurreko aldean. Su horrek kalteak eragin zituen auto horretan eta inguruko beste batzuetan. Handik bi egunera, 04:20an, sua piztu zuten auto baten aurreko aldean. Hilaren 15ean Ondategi kaleko auto batek su hartu zuen: sua pneumatiko batean piztu zen, eta aparkatuta zegoen beste ibilgailu batean ere eragin zituen kalteak. Eta abuztuaren 16an hiru sute txiki izan ziren, horietatik bi ibilgailuen aurreko ezkerreko gurpiletan piztuak. Hirugarrena, berriz, aparkaleku publiko bateko edukiontzi batean piztu zen.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, identifikatu dute ustez su horiek piztu zituena: 56 urteko gizon bat. Bada, atxilotzeko agindua eman, eta gaur gauerdian atxilotu dute, Barakaldon: udaltzainek identifikatu egin dute, ustez saltoki batean lapurreta egiteagatik, eta ikusi dute hura atxilotzeko agindua zegoela. Ertzainak bertaratu dira, atxilotu dute, eta Sestaoko (Bizkaia) polizia etxera eraman. Ikertzen ari dira ea zerikusirik duen azken asteetan Getxoko hiri altzarietan izandako beste sute txiki batzuekin.