Iruñeko 3. Instrukzio Epaitegiak gizon bat espetxeratu du Iruñean, bi adingaberi sexu erasoak egitea eta beste bat bahitzen saiatzea leporatuta. Erasoak joan den larunbatean izan ziren, uztailaren 5ean, 22:30 aldera, barraken gunean.
10 urteko haur bat, barraka batetik jaistean, besoetan hartu eta eraman egin zuten. Bidean, zenbait herritar ohartu ziren haurra bere borondatearen aurka zihoala, negarrez eta gogo txarrez baitzihoan. Beraz, geldiarazi egin zuten. Medikuek baieztatu zuten adingabeak lesioak zituela; indarkeriaz eramatean, bizkarrean ubelduak eragin zizkion. Haren amak jarri du salaketa.
Ondoren, adin bereko beste neskato bati ukituak egitea egotzita salatu dute gizonezko bera. Igogailuaren zain zegoela, ipurmasailak ukitu zizkion umeari. Haurraren amak jo zuen salaketa jartzera. Gainera, 16 urteko beste adingabe bati sexu erasoa egitea ere leporatu diote.
Epaileak espetxera bidali du, bermea ordaintzeko aukerarik gabe, erasoa behin baino gehiagotan gertatu dela eta biktimak adingabeak direla aintzat hartuta. Azaldu du litekeena dela zigorra larria izatea, eta hark ihes egitea eragotzi nahi duela.