Indarkeria matxista

Gizon bat atxilotu dute Legorretan, indarkeria matxista egotzita

Mugimendu feministak deituta, gertatutakoa salatzeko elkarretaratzea eginen dute gaur, 19:00etan. Sanjuandegiko festetan salatutako zenbait sexu erasoren berri eman du Azpeitiko Udalak. Bi lagun atxilotu ditu Gasteizko Udaltzaingoak: bat, emakume bati ukituak egiteagatik; bestea, bikotekideari eraso egiteagatik.

Eraso matxisten kontrako elkarretaratzea, artxiboko irudia. BERRIA
Isabel Jaurena.
2023ko ekainaren 6a
12:48
Entzun

Genero-indarkeria delitu bat egoitza, gizon bat atxilotu du Ertzaintzak Legorretan (Gipuzkoa). Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, akusatua eta haren bikotekidea eztabaidatzen ikusi zituzten larunbat goizaldean kalean; beste xehetasunik ez dute eman, baina orduan ikusitakoak bultzatu zituen gizona atxilotzera. Epailearen esku utzi bazuten ere, ez da aurkeztu ez salaketarik, ezta laguntza medikoaren parterik ere.

Gertatutakoa salatzeko, gaur elkarretaratzea eginen du mugimendu feministak, 19:00etan. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Legorretako Udalak «irmoki» gaitzetsi dute erasoa, eta agerraldia babestu dute. Horrez gain, bi-biek komunikatu ofizialak egin dituzte.

Aldundiak elkartasuna adierazi die erasoaren biktimari eta haren gertukoei. Hala, erran du eraso matxista «gizartearen desberdintasunetik eta matxismotik sortzen den mendekotasun matxistaren adierazpenik gogorrenetakoa» dela, eta jarrera horiek «gaitzesteko konpromiso irmoa berresten» duela.

Udalak ere «babes osoa» eskaini dio biktimari, eta haren esku jarri ditu «arreta eta laguntza juridikoa, soziala eta psikologikoa». Hala, adierazi du indarkeria matxistaren «aurkako borroka aktiboan» jarraituko duela, indarkeria mota hori amaitzeko erantzukizuna «kolektiboa» delako. «Erakundeen ardura da herritarren eskubideak bermatzea, baina, era berean, indarkeria matxistarik gabeko herri baterantz aurrera egin nahi badugu, ezinbestekoa da herritar bakoitzaren jarrera aktiboa».

Erasoak Azpeitian eta Gasteizen ere

Hain zuzen, Sanjuandegiko festetan salatutako zenbait sexu erasoren berri eman du gaur Azpeitiko Udalak. «Ohikoa den gisan, jai giroan emakumeen aurkako indarkeria matxistako egoerak gertatu dira», adierazi du udalak ohar batean. Hori dela eta, «gaitzespenik irmoena» adierazi du erakundeak: «Azpeitiko Udalak jazarpenaren berri izan eta informazioa baloratu eta egiaztatu ostean, erasoak jasandakoei eman beharreko arreta eta laguntza eskaini die, horretarako dituen baliabideak aktibatuz. Udalak ozen adierazi nahi du herri honek ez duela inolako indarkeria matxistarik onartzen, eta azpimarratu nahi du espazio publikoa eta herriko jai guneak espazio seguru, gozagarri eta askeak izan behar direla».

Azpeitiko Udalak ez ezik, Urola Erdiko Itaia elkarteak eta Sanjuandegiko Festa Batzordeak ere erasoak salatu dituzte, elkarrekin sinatutako agiri baten bidez. Gertakariak salatzeaz eta erasoak jasan dituzten emakumeei elkartasuna eta babesa adierazteaz gainera, elkarretaratzera dei egin dute bihar arratsalderako. Indarkeria matxista orori aurre egin! Erasotzaileen inpunitaterik ez! lelopean, Jose Antonio Agirre plazan egingo dute protesta, 19:30ean hasita.

Gasteizen, bestalde, udaltzaingoak 88 urteko gizon bat atxilotu du gaur, Konstituzio plazan andre bati ukituak egiteagatik. Gasteizko Udalak adierazi duenez, atxilotua andre bati segika hasi zitzaion, «irain lizunak esanez» eta ukituak eginez. Orduan atxilotu zuten. Azkenik, 22 urteko gizon bat atxilotu dute udaltzainek Gasteizko Alde Zaharreko etxabe batean, bikotekideari kolpeka eraso egiteagatik. Lokal horretatik zetozen oihuak entzunda, larrialdietara deitu zuten zenbait lekukok. Erasotzaileak aurpegian jo zuela salatu zuen andreak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.