Asteartean, gaueko bederatziak aldera, oinezko batek Ertzaintzari ohartarazi zion Muskizko San Juan auzoko aparkaleku batean eraso bat gertatzen ari zela. Patruila bat bertaratu zen, eta emakume bat aurkitu zuten, aurpegian odola zerion zauri bat zuela.
Biktimak ertzainei adierazi zienez, bikotekide ohiarekin liskar bat izan ondoren, handik gertu aparkatua zuten autorantz abiatu ziren biak. Emakumeak agenteei kontatu zien behin auto barruan zirela gizona jipoika eta iletik tiraka hasi zitzaiola. Biktimaren garrasiak entzutean, hainbat oinezko autora hurbildu ziren, eta, orduan, gizonak emakumea jotzeari utzi zion. Handik gutxira, ertzainek gizona atxilotu zuten, indarkeria matxistako delitu bat egotzita. Emakumea, berriz, San Juan de Dios ospitalera eraman zuten, hautsitako sudurra artatzeko. Akusatuak epaitegiaren esku jarri du bere burua asteazken goizean.