Gizon bat atxilotu dute Zizur Nagusian eta beste bat Gasteizen, sexu ukituak egitea egotzita

Beste bost pertsona ere atxilotu dituzte, Gasteizen eta Tuteran. Zizur Nagusiko erasoa salatzeko elkarretaratzea egingo dute bihar, 19:30ean, Erreniega parkean.

Sexu eraso bat salatzeko elkarretaratze bat Zizur Nagusian, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Sexu eraso bat salatzeko elkarretaratze bat Zizur Nagusian, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
nerea intxausti
2026ko abuztuaren 31
21:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gizon bat atxilotu zuten atzo Zizur Nagusian (Nafarroa), festetan adingabeko neska bati sexu ukituak egitea egotzita. Gasteizen, berriz, 27 urteko beste gizon bat atxilotu zuten, sexu eraso bat leporatuta. Eguerdian gertatu zen, Gazalbideko parkean: emakume bati ukituak egin zizkion hark ere.

Zizur Nagusiko erasoaren harira, udalerriko Eraso Matxisten Kontrako Mahaiak ohar batean adierazi du «edozein formatako indarkeria matxista» gaitzesten duela. Udalarekin batera, Mujeres Libres, Zizurko Talde Feminista eta Emakume Zizurtarrak taldeek osatzen dute mahai hori. Gaineratu dute festek esparru seguruak izan behar dutela, guztiek «gozatzeko» eta «askatasunez» erlazionatzeko, «inolako erasorik jasateko beldurrik gabe». Babesa eta elkartasuna adierazi diote erasoa jasandakoari eta senideei, eta erantsi dute biktimaren intimitatea errespetatuko dutela eta berriz biktimizatzea saihestuko dutela.

Erasoa salatzeko elkarretaratzea egingo dute bihar, 19:30ean, Zizurreko Erreniega parkean. Herritarrei dei egin diete erasoa publikoki gaitzestera, eta indarkeria matxistarik gabeko jaien alde egitera. 

Gainera, Gasteizko Errioxa kalean beste gizon bat atxilotu zuten pasa den larunbat gauean, haren bikotekideari sexu eraso bat egitea egotzita. Lekukoek udaltzainei dei egin zieten. Udaltzainek ikusi zuten biktimak zauriak zituela erasoaren ondorioz, eta 27 urteko gizona atxilotu zuten.

Tuteran beste bi atxilotu

Era berean, 56 urteko gizon bat atxilotu dute Tuteran (Nafarroa), bere emazteari eraso egiteagatik. Atzo izan zen erasoa, kalean, emakumearen bi ume adingabeen parean. Tuterako udaltzaingoak adierazi duenez, larrialdi zerbitzuetara eraman zuten emakumea, eta gero etxera joan zen. Gizona, aldiz, foruzainengana eraman zuten. 

Ostiralean, beste gizon bat atxilotu zuten Tuterako taberna batean, emakume batekin zeukan urruntze agindu bat urratzeagatik. Emakumeak berak kontatu zien poliziei gizonak iraindu egin zuela, eta, urruntze agindua urratu zuela jabetuta, atxilotu egin zuten eta epailearen aurrera eraman.

Gasteizen, berriz, 19 urteko gizon bat eta emakume bat atxilotu zituzten ostiralean, bikote eztabaida batean elkarri lesioak eragitegatik.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA