Gizon bat espetxeratu dute Bizkaian, zenbait emakumeri sexu erasoak egin izana egotzita. 22 urteko gizona asteartean atxilotu zuten, Basaurin (Bizkaia) txakurrarekin paseoan zebilen emakume bati sexu erasoa egin izana leporatuta. Gizona aske utzi zuten, baina hurrengo egunean berriro atxilotu zuten: izan ere, Ertzaintza eta Bilboko Udaltzaingoa ari ziren ikertzen azken egunotan Bilbon egindako zenbait sexu eraso, eta hura jo dute susmagarri nagusitzat.
Basaurikoaz gain, beste hiru eraso leporatzen dizkiote gizonari, den-denak Bilbon: astelehenean, emakume batek salatu zuen gizon batek ukituak egin zizkiola; asteartean, berriz, beste emakume batek antzeko salaketa egin zuen, gizon batek ukituak egin baitzizkion etxeko atarira sartzera zihoalarik; eta, azkenik, egun berean beste emakume batek salatu zuen gizon batek ukitu, jo, lurrera bota eta eskuko telefonoa lapurtu ziola. Azken eraso horretan, emakumeari laguntzen saiatu zen gizon baten kontra ere oldartu zen erasotzailea. Bi-biek arta behar izan zuten erietxean.
Ertzaintzak eta Udaltzaingoak ikerketari ekin zioten, eta bezperan atxilotutako 22 urteko gizona atzeman zuten berriro atzo. Gaur guardiako epailearen aurrera eraman dute, eta hark susmagarria espetxeratzeko agindu du. Basauriko kartzelan sartu dute.