Gizon bat atxilotu zuen igandean Donostiako Udaltzaingoak, emakume bat jipoitu eta bortxatzea egotzita; egunean bertan, gizona kartzelan sartzeko agindu zuen epaileak. Udalak kontzentrazioa eginen du bihar eguerdian, eta herritarrei dei egin die bertaratzeko.
Donostiako Udaleko Bozeramaileen Batzordean adierazpen instituzional bat onartu dute erasoa gaitzesteko, eta biktimari eta haren ingurukoei babesa eskaini diete. Halaber, udalaren baliabideak haien esku daudela adierazi dute, eta erasoaren berri izan bezain laster protokoloa aktibatu zutela.
Gipuzkoako Foru Aldundiak ere erasoa gaitzetsi du, eta elkartasuna adierazi die erasoa jasan duenari eta haren gertukoei. Aldundiak bat egin du Donostiako Udalak zabaldu duen gaitzespen adierazpenarekin, baita bihar eginen den elkarretaratzearekin ere. «Emakumeen eta gizonen berdintasuna errespetatzea, baita duintasuna, sexu askatasuna eta pertsonaren osotasun fisikoa ere, eskubide bortxaezinak dira; eskubide horien aurka egiten duten jokabideek ez dute lekurik gure gizartean», adierazi dute.