Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, Ertzaintzak 50 urteko gizonezko bat atxilotu zuen atzo Gernika-Lumon (Bizkaia), bikotekide ohiari eraso egitea leporatuta. Emakumearekiko urruntze agindua zuen, gainera, aurrez emandako tratu txarrengatik. Hala, epailearen aurrera eraman dute gaur, eta atxilotua espetxeratzea erabaki du hark.
Erasoa astearte goizaldean gertatu zen, biktimak aurkeztutako salaketaren arabera: Gernikako kaleetan egin zuten topo, eta gizonak besotik heldu zion emakumeari, eta tokitik hurbil zegoen leku batera eraman zuen bortxaz; bertan, andrea jo egin zuen, eta heriotza mehatxuak egin zizkion aizkora batez. Ondoren, leku horretako sarrera blokeatu zuen, emakumea irten ez zedin; biktimak orduak behar izan zituen handik ateratzeko. Kolpeak eta zauriak ospitalean artatu behar izan zizkioten.
Andreak salaketa jarri ondoren, gizona atzo aurkitu eta atxilotu zuten, genero indarkeriako delitua egitea eta aldentze agindua urratzea egotzita. Gaur eraman dute Gernikako Guardiako Epaitegira, eta epaileak kartzelatzea erabaki du.