Gizon bat espetxeratu dute, Usurbilen emakume bat hiltzen saiatzea egotzita

Ertzaintzaren arabera, atxilotuak indarkeria erabilita lapurreta egin zion emakume bati larunbat arratsaldean, eta lokarri batekin itotzen saiatu zen.

Ertzaintzaren auto bat, artxiboko irudi batean. LUIS TEJIDO / EFE
Ertzaintzaren auto bat, artxiboko irudi batean. LUIS TEJIDO / EFE
Irati Urdalleta Lete.
2025eko irailaren 9a
08:48
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ertzaintzak 24 urteko gizon bat atxilotu du, Usurbilen (Gipuzkoa) emakume bat hiltzen saiatzea egotzita. Epailearen aurretik pasatu ostean, gizonezkoa espetxera bidali dute.

Ertzaintzak azaldu duenez, larunbatean, 21:00ak aldera, gizon bat kalean oinez zihoan emakume bati dirua eskatzera joan zen Usurbilgo Kalezar auzoan. Emakumeak ezetz esan zion. «Gizona atzetik hurbildu zitzaion, eta soka batekin lepoa inguratu eta itotzen saiatu zen. Biak lurrera erori ziren». Orduan, Poliziaren arabera, gizonak emakumearen gerriko poltsa hartu zuen, eta korrika alde egin zuen. Emakumea inguruko baserri batera joan zen laguntza eske, eta Ertzaintzara deitu zuten.

Biharamunean atxilotu zuten gizonezkoa, baserri batean. Hasieran, beste gizon bat ere atxilotu zuten, baina hura aske laga dute, Ertzaintzaren esanetan polizia etxean egiaztatu zutelako 24 urteko atxilotuak bakarrik parte hartu zuela gertakarian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!