Atzo goizean gertatu zen ezbeharra: bi gizon Baionako Gurutze Saindua auzoko elizaren teilatura igo ziren, eta zango azpian zuten teilatuaren berinazko partea hautsi zen. Bietarik bat hamabost bat metro behera erori eta hil zen; 29 urte zituen. Bigarrenak lortu zuen bazter bati eustea.
06:00ak aldera hurbildu ziren bi gizonak elizara, eta berinazko teilatu gain horretara igo: Poliziaren inkestaren lehen elementuen arabera, argazki bat atera nahi zuten bertatik, azpi aldean aldarea ikusten baita argiturik. Baina berinazko parte hori ez zen aski indartsua bi gizonen pisua hartzeko, eta hautsi zen.