Gizon bat hil da Getarian, itsasontzi batek arroka batzuk jota

Itsasontzian zihoazen beste bi lagun hipotermia zantzuekin erreskatatu dituzte.

Getaria
Getaria eta Zumaia artean jazo da istripua. GOOGLE MAPS
Julen Otaegi Leonet.
2024ko urtarrilaren 26a
07:15
Entzun 00:00:0000:00:00

Ezbeharra gertatu zen atzo gauean Getaria eta Zumaia (Gipuzkoa) artean, itsasontzi batek, irauli, eta arroka batzuk jo baitzituen Orroaga hondartzatik hurbil. Istripuaren ondorioz, 47 urteko gizon bat hil da. Hiru lagun zihoazen itsasontzian, eta 37 eta 43 urteko beste bi lagunak suhiltzaileek erreskatatu behar izan zituzten haitzen artetik, hipotermia zantzuak zituztela. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak 21:15 aldera izan zuen istripuaren berri, eta bi ordu inguru eman zituzten desagertutako gizonaren bila, harik eta 23:10ean hilotz aurkitu zuten arte arroka artean. Ordu txikietan eraman zuten Donostiako Auzitegiko Anatomia Zerbitzura, autopsia egiteko.

Getariako Arrantzaleen Kofradiak azaldu du ez duela ezbeharrari buruzko informaziorik, istripua ez baitu Getariako arrantzontzi batek izan.

Ertzaintza, suhiltzaileak eta osasun langileak bertaratu ziren, eta ia gauerdira arte aritu. Bi helikopteroren, suhiltzaileen garabi baten, zenbait ontziren eta haitz artean aritu ziren urpekari batzuen laguntza ere izan zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.