Auto bat N-622 errepidetik atera da Zuian (Araba), eta autoa gidatzen zihoan gizona hil egin da, Ertzaintzak jakinarazi duenez. Istripua 08:30ean gertatu da, N-622 errepidearen hamazazpigarren kilometroan, Gasteizera bidean.
Autoa errepidetik atera da, eta iraulita geratu. Suhiltzaileek atera dute gidaria. Bertan hil da.
Errepidea itxi egin dute, eta trafikoa Murgiatik barrena bideratu.
Sua Añezkarren
Añezkarren (Berriobeiti, Nafarroa), berriz, gizon bat eta emakume bat zauritu ziren atzo gauean, emakumea larri, haien autoak su hartuta. Ibilgailua aparkatuta zegoen. Sua ondoko etxebizitza batera iritsi zen, baina ez zuen kalte handirik sortu bertan.
Sua atzoko 21:00ak aldera sortu zen autoan. Bi pertsona zeuden barruan. Beren kabuz atera ziren ibilgailutik, baina erredurak zituzten: 48 urteko emakume batek erredura larriak, hanketan eta sabelaldean; 56 urteko gizon batek zauri arinak zituen. Emakumea aurrena Nafarroako Ospitale Unibertsitariora eraman zuten, baina gero, haren erredurak larriak zirela ikusita, Zaragozako (Espainia) Miguel Servet ospitalera.
Foruzaingoa ikertzen ari da ea sutea zerk sortu zuen.