Gizon bat kartzelara bidali du Baionako epaitegiak, 15 urteko arreba bortxatu izana egotzita. France Bleu irratiak jakinarazi duenez, 20 urte dauzka akusatutako gizonak, eta aitortu du arreba adingabea bortxatu duela. Izatez, emakume horrek haur bat izan berri du, eta ondoezik jaio da. Adituek uste dute odolkidetasunaren ondorio direla gaixotasun horiek. DNA probak egin dituzte, anaiak arrebari eraso ziola egiaztatzeko. Bi delitu egotzi dizkiote gizonari: bortxaketa eta intzestua.
Komunikabideak azaldu duenez, neskatoaren ikastetxeak eman zuen abisua. Ikasturte hasieran ohartu ziren gorpuzkera aldatua zeukala, eta antsietatearekin zebilela; ikastetxeko erizainak elkarrizketa egin zion, eta hari kontatu zion haurdun zegoela. Abisu eman zioten Poliziari, eta han aitortu zuen anaiak eraso egiten ziola etxean, elkarrekin logelan zeudenean. Jendarmeek atxilotu egin zuten 20 urteko gizona, eta Baionako epaileak kartzelara bidali du behin-behinean.