Gizon bati hamasei urte eta hiru hilabeteko kartzela zigorra ezarri diote, alabak 12 eta 14 urte artean zituenean bortxatzeagatik eta hari tratu txarrak emateagatik. Gipuzkoako auzitegi batek emandako epaiak dio 2016 eta 2018 bitartean bost aldiz bortxatu zuela eta bestelako sexu erasoak egin zizkiola, EFE agentziak jakinarazi duenez.
Hamalau urteko kartzela zigorra ezarri diote sexu erasoengatik, eta bi urte eta hiru hilabetekoa tratu txarrengatik. Ezingo da alabarengana hurbildu eta harekin harremanetan jarri hamasei urte eta bederatzi hilabetean, ezta adingabeekin zerikusirik duen lanen batean aritu zazpi urtean. Kartzelatik ateratakoan, zaintzapean egon beharko du zazpi urtean. 50.107 euro ordaindu beharko dizkio alabari, kalte ordain gisa.
Alabak aurre egiten zion aitari. Gelditzeko esaten zion, min egiten ziolako. Sexu erasoez gain, tratu txarrak ere ematen zizkion: iletik heldu, lepotik heldu ia itotzeraino, eta besoa bihurritu. Erasoak familiaren etxean eta senide batzuen etxean gertatu ziren.
Epaiak dio aitak «beldurtu» egiten zuela alaba, eta mehatxu egiten ziola: aitak zer egiten zion kontatuz gero, eskolatik eta kirol taldetik aterako zuela, eta amaren kontrako salaketa jarriko zuela.