Gipuzkoako Auzitegiak hamabost urte eta hamar hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio gizon bati, bikotekidea bortxatzeagatik, hari tratu txarrak emateagatik, umiliarazteagatik, iraintzeagatik eta hertsatzeagatik. Kartzelatik atera eta gero, zaintzapean egon beharko du bost urtean. Ezingo da biktimarekin harremanetan jarri edo harengana hurbildu hogeita bi urte eta erdian. 15.000 euro ordaindu beharko dizkio. Eta ezingo du adingabeekin jarduerarik edo lanik egin hamazazpi urtean.Â
Gizonak eta emakumeak 2017tik eta 2021era izan zuten harremana, eta alaba bat izan zuten. Irunen (Gipuzkoa) bizi ziren. 2021ean bikote harremana eten zuten. Hala ere, gizonak gauero egiten zizkion bideo deiak, «emakumearen gaineko kontrolari eusteko». 2024ko abuztuan berriro hasi zuten bikote harremana. Handik hilabete batera, iraileko gau batean, gizonak emakumea bortxatu zuen.Â
«Izu harremana»
Emakumearen esanetan, gizon horrekin izan zuena «izu harremana» izan zen. Epaiaren arabera, gizonak «menderatze eta kontrol jarrera» izan zuen emakumearekin. Jarrera eta jokabide hori zehaztu du: bikotekidearen eta haren lagunen atzetik joaten zen «leku guztietara»; haren lantokira joaten zen, eta dirua eskatzen zion; lankideekin harremanak zituela egozten zion; bikotekidea gauez ateratzen zenean, bideo deiak egiteko exijitzen zion, sakelako telefonoa aztertzen zio,n eta elkarrizketen argazkiak ateratzen zituen; eta emakumeari esaten zion noizbait beste gizonen batekin harremanen bat izaten bazuen ez zela zoriontsua izango, «haren patua berarekin egotea baitzen».
Emakumea haurdun geratu zen 2019an. Gizonak, parrandatik bueltan, altzariak puskatzen zituen, emakumea iraintzen zuen, eta esaten zion «bihotza aterako ziela» harekin harremana zutenei. Garai horretan, egun batean, gizonak lepotik heldu zuen emakumea, eta esan zion lotuta edukitzeko utzi zuela haurdun. Emakumearen sare sozialak zaintzen zituen, kargu hartzen zion argazkiak jartzeagatik, eta emakumearen profilean idazten zutenei eskatzen zien halakorik ez egiteko, «bere emakumea» zelakoan.
Tratu txarrak
Auzitegiak gizona zigortu du bortizkeria erabiliz emakumea bortxatzeagatik, ohiko tratu txarrak emateagatik, ohikoak ez diren tratu txarrak emateagatik, emakumea umiliatzeagatik eta hertsatzeagatik. Bortxaketa delituari aringarri bat aplikatu dio: gizona mozkorra zegoela.
Epaia ez da irmoa, eta helegitea aurkez dezakete EAEko Auzitegi Nagusian.