Gizon batek onartu egin du sexu abusuak egin zizkiela hiru adingaberi, Gasteizen

Fiskaltzak uste du haren kontrako frogek behartuta onartu dituela erasoak. Arabako Probintzia Auzitegian epaitu dute.

Gasteizko justizia jauregia. JUANAN RUIZ / FOKU
Gasteizko justizia jauregia. JUANAN RUIZ / FOKU
jakes goikoetxea
2026ko urtarrilaren 19a
12:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Epaiketa laburra izan da, hamar minutukoa. EFE agentziaren arabera, akusatuak onartu egin ditu egotzi dizkioten ekintzak: adingabeak galbidean jarri zituela eta sexu abusuak egin zizkiela, 2023an, Gasteizen. Gizon gazte bat epaitu dute gaur goizean Arabako Probintzia Auzitegiko Bigarren Atalean, hiru mutil adingaberi sexu abusuak egiteagatik. Epaiaren zain geratu da.

Akusatuak onartu egin du sexu abusuak egin zituela, baina aldeek ez dute aukerarik izan zigorrei buruzko akordioa lortzeko, gertakariak oso larriak direlako. Akusatuak ekintzak onartu eta gero, fiskaltzak, bi akusazio partikularrek eta defentsak uko egin diote lekukoei aitorpena hartzeari. Fiskaltzak epaileari eskatu dio epaian aintzat har ditzala instrukzioan aurkeztutako frogak eta hiru biktimen deklarazioak.

Fiskaltzak ohartarazi du akusatuak ez dituela egindakoak «berez» onartu, «haren kontrako frogek behartuta baizik». Fiskaltzak eutsi egin dio bere zigor eskaerari —ez dute jakinarazi—, eta harekin bat egin dute akusazio partikularrek. Fiskaltzako iturriek EFE agentziari esan diote akusatuak, ekintzak onartu baditu eta damutu dela esan badu ere, «urte asko» pasatuko dituela kartzelan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.