Jendarmeriak eta Guardia Zibilak gizon baten gorpua aurkitu dute gaur goizean Hendaiako (Lapurdi) hondartzaren pareko uretan, Txingudiko badian. Herritar batek Jendarmeriari jakinarazi dio gorpu bat ikusi duela itsasoan, eta helikoptero bat bidali dute hara.
Hendaiako portura eraman dute gorpua, identifikazio lanak hasteko. Guardia Zibilaren arabera, pasa den otsailaren 15ean Irunen (Gipuzkoan) desagertutako gizonaren gorpua izan daiteke. Gizonak Bidasoa ibaira jauzi egin zuen, Behobiako zubiaren eta Faisaien uhartearen artean. Izan ere, Poliziak esan duenez, gizon hura eta beste bat dirua lapurtzen saiatu ziren gasolindegi bateko autoak garbitzeko eremuan, eta Ertzaintza haiei segika ibili zen gizonak ibaira jauzi egin baino lehen. Beste gizona atxilotu egin zuten, eta indarrez lapurreta egiten saiatzea egotzi zioten.
Suhiltzaileak, Gurutze Gorria, Ertzaintza, Guardia Zibila, Itsas Salbamendua eta Irungo Herritarren Babeserako Patruila desagertuaren bila aritu ziren hainbat egunez, baina ez zuten aurkitu. Ertzaintzaren Zaintza eta Erreskate Unitateko urpekari batek bilaketa lanetan parte hartu zuen, eta Itsas Salbamenduaren helikoptero bat eta drone bat ere erabili zituzten.