Gizon bati 22 hilabeteko espetxe zigorra jarri diote bikotekideari eta seme-alabei tratu txarrak emateagatik

Nafarroako Auzitegi Nagusiak tratu txar fisikoak eta psikologikoak emateagatik zigortu du. Bestalde, Espainiako Poliziak gizon bat atxilotu du Abanton, El Salvadorren 6 urteko ume bati sexu erasoak egitea egotzita.

Nafarroako Justizia Auzitegia, artxiboko irudi batean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Nafarroako Justizia Auzitegia, artxiboko irudi batean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2026ko uztailaren 17a
12:01
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nafarroako Auzitegi Nagusiak 22 hilabeteko espetxe zigorra ipini dio gizonezko bati, bere bikotekideari, alabari eta semeari tratu txar fisikoak eta psikologikoak emateagatik. Fiskaltza eta akusazio partikularra ados jarri dira, eta, espetxe zigorra ipintzeaz gain, hauxe erabaki dute: gizona ezingo da bikotekidearengana gerturatu —gizona eta emakumea banantzen ari dira—, ezta seme-alabengana ere lau urtean.

59 urteko gizona eta haren bikotekidea Iruñea inguruan bizi ziren. Epaian jaso dutenez, ohikoa zen gizonak emakumeari iseka egitea, eta «oldarkorra» zen. Emazteari ez ezik, seme-alabei ere ematen zizkien tratu txarrak, eta, epaiaren arabera, «bereziki oldarkorra» zen alabarekin: bultza egiten zion, belarrondokoren bat eman izan zion, eta lepotik ere heldu zion inoiz. Egoeraren ondorioz, emakumea bere buruaz beste egiten saiatu zen 2023ko urtarrilean.

Emakumeak sendagiria jaso zuenean, 2023ko ekainean, berriz eztabaidan hasi ziren, eta alabak Guardia Zibilari deitu zion. Harrezkero, gizona ez zen etxean bizi, eta banantzeko tramiteek aurrera jarraitu zuten.

Dena den, hainbat baldintza betez gero, ez du espetxean sartu beharko: ardura zibilari erantzutea, seme-alabengana eta bikotekidearengana ez gerturatzea, eta berdintasunaren inguruko ikastaro batean parte hartzea.

Beste bi atxilotu

Espainiako Poliziak gizon bat atxilotu du Abanton (Bizkaia), El Salvadorren —gizonak hango jatorria du— 6 urteko neskato bati sexu erasoak egitea leporatuta. Interpolek agindu bat emana zuen gizona bilatzeko eta atxilotzeko; izan ere, epai bat zegoen haren aurka, zeinak esaten zuen hamabi urte eta erdiko espetxe zigorra bete behar zuela.

2015ean, gizona orduan bikotekide zuenaren 6 urteko alaba zaintzeaz arduratzen zen; sexu erasoak egiten zizkion behin eta berriz, eta esaten zion zerbait kontatuz gero anaiari eta amari eraso egingo ziela.

Epaileak hamabi urte eta erdiko kartzela zigorra ipini zion, eta, gizona El Salvadorren ez zegoenez, Interpolek nazioarteko agindua eman zuen. Abanton atxilotu dute.

Horretaz gainera, Ertzaintzak gizonezko bat atxilotu zuen atzo goizean Donostian, sexu eraso bat egitea egotzita. Erasoaren ondorioz, 29 urteko emakume bat ospitalera eraman behar izan zuten.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA