Bizkaiko Auzitegiko magistratu-presidenteak 25 urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri dio gizon bati, beste bat hiltzeagatik, Bilbon: 23 urteko kartzela zigorra hilketagatik —maltzurkeriaz eta beste delitu bat ere egiteko asmoz aritzea egotzita— eta indarkeria baliatuz etxe batean egindako lapurretagatik; bi urte eta erdiko kartzela zigorra, berriz, iruzurragatik, delitua berriz egitearen astungarriarekin —arrazoi horrengatik behin baino gehiagotan zigortu dute—.
Zigor hori baino lehen ere zigortu zuten gizon hori: hamar urteko kartzela zigorra ezarri zioten 2021eko abenduaren 17an gizon bat hiltzen saiatzeagatik. Zigortua ligatzeko aplikazio baten bidez jartzen zen harremanetan biktimekin. Beste lau hilketa eta giza hilketa bat saiatzea ere egotzi dizkiote, eta abian dira haien prozedura judizialak.
Zinpeko epaimahaiak erabaki zuen akusatua erruduna zela, eta magistratu presidenteak zigorra zehaztu du orain. Zigortuak 156.740 euro eman beharko dizkie hildakoaren anai-arrebei eta ondorengoei.
Kreditu txartelak erabili zituen
Epaiaren arabera, 2021eko urriaren 17an, akusatua biktimaren etxera joan zen, «hura hiltzeko asmoz, arriskuak eta ondorioak guztiz onartuz, eta ito egin zuen». Akusatuak «ezustean» jokatu zuela zehaztu du, «biktimarekin sortutako konfiantza egoeraz baliatuz». Ligatzeko aplikazio bat erabili zuen, «eta biktimak ez zuen inola ere espero jokabide hori: edozein erreakzio aukera eragotzi zion». Epailearentzat, akusatuak gizona hil zuen haren datuak eskuratzeko, bankuko kontuan sartu ahal izateko, bere aldeko operazioak egin ahal izateko eta haren ondareaz jabetzeko. Hildakoaren kreditu txartelak erabili zituen.
Sententziak zehaztu du epaiketan zigortuaren ahots gisa identifikatu zutela finantza erakunde batera egindako dei batean, hildakoaren gakoak eskuratzeko asmoz. Ertzaintzak berretsi zuen zigortuak antzeko prozedura erabili zuela beste gertakari batzuetan.