Nafarroako Auzitegiko Lehen Atalak 56 urteko gizon bat zigortu du, 13 urteko mutil bat bortxatzeagatik 2024ko urtarrilean. Bi urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri dio, baina ez da espetxean sartuko, hiru baldintza betetzen baditu: hiru urtean deliturik ez egitea, bere desgaitasun mentalari eta alkohol kontsumoari dagozkion tratamenduak betetzea, eta sexu heziketarako ikastaro bat egitea. Mutilak %35eko desgaitasun mentala du; gizonak, %65ekoa.
Zigorra hitzartu dute fiskaltzak, akusazio partikularrak eta defentsak. Epaiketa egin aurretik, fiskaltzak sei urteko kartzela zigorra eskatu zuen; akusazio partikularrak, berriz, zortzi urtekoa. Hiru aringarri aplikatu dizkiote gizonari: mozkorra egotea, kaltea konpontzea eta buru nahasmendua izatea. Kartzelatik atera eta hamabi urte eta erdian ezingo da mutilarengandik 800 metro baino gutxiagora egon. Zaintzapean egongo da zortzi urtean, eta 20.000 euroko kalte ordaina eman beharko dio, eragindako kalte moralarengatik. Akusatuak epaiketa hasi aurretik jarri zuen diru kopuru hori.