Gizonezko bat atxilotu dute Gasteizen, intimitatearen kontrako delitu batengatik

Bi autoren artean txiza egiten ari zen adingabe bat grabatzea egozten diote. Gaur goizaldean atxilotu dute, Alde Zaharrean.

Indarkeria matxistaren kontrako mobilizazio bat, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Indarkeria matxistaren kontrako mobilizazio bat, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
2025eko azaroaren 1a
16:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gaur goizaldean 32 urteko gizonezko bat atxilotu dute Gasteizen, intimitatearen kontrako delitu bat egitea leporatuta, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Zehazki, bi autoren artean txiza egiten ari zen emakume adingabe bat grabatzea egozten diote.

Gasteizko Alde Zaharrean jazo da, 02:00 aldera. Sailaren arabera, Ertzaintzako patruila bat iritsi denean, herritar talde batek atxikia zuen gizonezkoa. Poliziei jakinarazi diete adingabeak gizonari aurpegiratu diola hura grabatu izana, eta bideoa ezabatzeko exijitu diola. Hark, baina, ukatu egin du gertatutakoa, eta miatzeko iradoki dio gazteari.

Agenteek salatutako gertakariak egiaztatu dituzte, eta gizonezkoaren telefonoa hartu dute. Atxilotuta eraman dute, eta polizia etxean beharrezko eginbideak egin ostean, aske utzi dute, epailearen aurretik igarotzeko zain.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA